ZIPIRIÑE ETA IBERRE: HEZKUNTZA SAILAK IRAGARRITAKO PROPOSAMENA EZ OMEN DA BIDERAGARRIA

Zipiriñe eta Iberreren azken berriak direla eta, EHBildu Sopelaren komunikatua argitaratzen dugu:

“Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Loroñoko egungo lurzatian 2-3 lerroko hezkuntza publikoko zentro integral bat (IPI) eraikitzeari buruz egindako proposamenaren inguruan zalantzak direla eta, Sopelako EH Bilduko zinegotziak eta legebiltzarkide independentista Ikoitz Arrese, bildu ziren joan den apirilaren 17an Lakuan Hezkuntzako sailburuordearekin, Azpiegituren zuzendariarekin eta Lurralde ordezkariarekin.

Hezkuntza Sailak El Correo-ri eta Deia-riemandako informazioaren arabera, eta Josu Landaluze Sopelako alkateak martxoaren 15eko Hezkuntza Mahaiaren bileran berretsitakoaren arabera, “Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio ikastetxe berri bat eraikitzeari, Zipiriñeko ikastetxean ikasleen masifikazioa konpontzeko: Hezkuntza Sailak eraikin berria altxatzea aurreikusi du gaur egun Loroñoko aparkalekua dagoen lurretan”.

Hala ere, Hezkuntza Sailaren arabera, Loroñoko lursailak ez du balio proposatutako ezaugarrietako ikastetxe bat hartzeko (Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 2 edo 3 lerro edo ikastaro): 8.500m2 behar dira, eta Loroñok 4.500m2-ko azalera baino ez du. Hezkuntzaren arabera, Sopelako Udaleko gobernu-taldeak beste lursail bat du buruan; beraz, Udalak informazio guztia Eusko Jaurlaritzari noiz helaraziko zain daude. Bestalde, Hezkuntza Sailak ez du eraikin berri hori eraikitzeko data zehatzik ezartzeko konpromisorik hartu, horretarako Udalak lurzati berriari buruzko beharrezko informazio guztia eman behar baitu. Eusko Jaurlaritzak 12 urteko epea du EAEn IPI berriak eraikitzeko.

Hezkuntzako proposamenari buruzko informazioa ezkutatu dela salatu du Sopelako EH Bilduk. Sopelan bideraezina da gaur egun Eusko Jaurlaritzak proposatutako eredua (2-3 lerroko IPI bana Zipiriñen eta Loroñon, haur, lehen eta bigarren hezkuntzarekin, eta Batxilergoa Iberren), Loroñok ez baitu IPI batek behar dituen ezaugarriak dimentsioari dagokionez. Hori dela eta, EH Bilduren ustez, Sopelako hezkuntza-komunitateak proposatutako alternatiba da pedagogikoki onena, eta bideragarriena eta bizkorrena gauzatzeko: haur-hezkuntzako eraikin bat Loroñon, lehen hezkuntza Zipiriñen eta bigarren hezkuntza eta batxilergoa Iberren. Loroñon eta Abaron aplikatu beharreko hirigintza-araudiaren hurrengo aldaketak eta Abaroko plan partzialaren onarpenak aukera hori erraztuko lukete.
 
Hau dena argitzeko idatzizko erantzunak eskatuko dizkie Sopelako Hezkuntza Mahaiak Eusko Jaurlaritzako arduradunei. Aurrez aurreko bilera bat ere eskatuko du eragile guztien artekoa, nahasmen hau argitzeko. EH Bilduren partez, Guruzne Carrasson gure bozeramailea eta Ikoitz Arrese gure legebiltzarkidea bilera horretan egotea eskatuko dugu. Gure konfiantza falta nabaria da. 
Egoera hau oso larria da, onartezina eta ahalik eta azkarren argitu behar da”
100 Ikustaldiak
Partekatu: