Euskaltzaindiaren iritzia:
Euskaldunek mendez mende erabilitako izena eta egun erabiltzen dena, bai herrian bertan baita ingurukoetan ere, Euskaltzaindiak aspaldian hobetsi zuena Sopela da, Sopelanatik euskal fonetikaren legeei jarraituz eratorria, euskaraz, bai toponimian baita hiztegi arruntean ere, bokalen arteko n erori edo desagertu baitzen, Koldo Mitxelenaren Fonética Histórica Vasca liburuan ongi azaltzen den moduan. Bokalen desagertze hau ez da soilik leku izenetan gertatu hitz arruntetan ere bai, berba hauek euskal hitz jatorrak edo beste hizkuntzetatik hartutakoak diren kontuan hartu barik.
Toponimoetan, eta herri izenei mugatuz, nahiz eta joera hau leku izen guztiekin gertatu, besteak beste hauek ditugu: Galdakao (Galdacano), Lemoa (Lemona), Aramaio (Aramayona), Lazkao (Lazcano), Zestoa (Cestona), Arroa (Arrona), Miñao (Miñano), Dorrao (Torrano), Zolia (Zolina)…