Euskaltzaindiak, berriro ere, gure herriko euskal izena Sopela dela adierazi du. Hain zuzen ere, egun hauetan, 2012ko uztailaren 18an, “Sopela herri izenaz” artikulua argitaratu zen Euskaltzaindiaren web orri ofizialean eta artikulua Mikel Gorrotxategik, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkariak sinatzen du.
Argi dago herri baten izena aldatzeko, gurean Sopelanatik Sopelara pasatzeko, adostasun zabala eta giro egokia lortu behar dela Udal Osoko Bilkuran; bada, beraz, garaia gure herrian ordezkaritza duten alderdi guztiek hausnarketa egin dezaten eta Euskaltzaindiaren iritzia eta arauak errespeta daitezen.
Hona hemen artikulua bere osotasunean: Sopela herri izenaz
Euskaltzaindiak 1979an Koldo Mitxelenaren gidaritzapean argitara eman zuen Euskal Herriko Udalen Izendegi-an Sopela da herri honen izena. Orduz geroztik, hiru aldiz berretsi du Akademiak erabaki hura, 1987an udalari igorritako agiri batean, 1997an Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialean argitaratu zen irizpenean eta, azkenik, 2005ean argitara emandako 145. Bizkaiko Herri Izendegia Arauan. Nahiz eta 33 urte igaro diren Euskaltzaindiak Uribe Kostako herri honen euskal izena Sopela dela ebatzi zuenetik, badirudi oraindino badirela izen hori ofizial egiteko eragozpenak daudela. Eta horretara datoz ondoko oharrak.
Herrien euskarazko izena aztertzen denean, bi dira begi aurrean eduki behar ditugun iturri nagusiak, bata euskarazko erabilera, ahoz zein literaturan, eta bestea dokumentazioa. Biak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak, baina tentu handiz erabili behar ditugu.
Gogoan izan behar dugu gure administrazioek urteetan zehar ez dutela euskara erabili eta sarritan, gehienetan hobeki esanda, euskal izenak alde batera utzi dituztela arrunkeriak zirelakoan eta, hortaz, baztertzekoak.Ahozko testigantza erabatekoa da, ez baitago ez Sopelan ez Uribe Kosta osoan ere Sopela erabiltzen ez duen euskaldunik. Hau dela eta, inoiz esan izan da ahozko aldaera hau Portu (Portugalete), Atxabalta (Aretxabaleta), Sátamo (Zaratamo) edo Güerba (Huelva) mailakoa dela eta, hortaz, ez dela onargarria. Baina ez da horrela eta ikus dezagun zergatik.
308 Ikustaldiak