PNVko 7 zinegotzik, EHBilduko 2k, DBTUko 2k eta PSEko 1ek ordezkatuko dute Sopela Uribe Kostako Mankomunitateko batzordeetan.
Urriko Udal Osoko Bilkuran Uribe Kosta Mankomunitateko batzordeetan Sopelak izango duen ordezkaritza onartu zen. Mankomunitatean lau batzorde daude: Gizarte Zerbitzuak eta berdintasuna; Euskara; Ogasuna eta Iraunkortasuna. Sopelari hiruna ordezkari dagokio; osotara, beraz, 12 ordezkarik hartu behar dute parte batzordeetan.
Ordezkari hauek alkatetzak proposatzen ditu eta Udal Osoko Bilkurak onartzen ditu. Proposamen eta onarpen honen ondorioz PNVko 7 ordezkarik, EHBilduko 2, DBTUko 2 eta PSEko batek hartuko dute parte batzordeetan.
EHBilduk Udal Osoko Bilkuran proposamen honen desoreka mahairatu zuen “argudioak soberan daude zenbakiak argiak baino argiagoak direlako: PNVk udalean 7 zinegotzi ditu eta zazpi ordezkari mankomunitatean, %100ean; DBTUk 2 zinegotzi eta 2 ordezkari, %100ean; PSEk zinegotzi bat eta ordezkari bat, % 100ean; EHBILDUk, aldiz, 6 zinegotzi eta 2 ordezkari %33an, eta Sopela Orain-ek zinegotzi bat eta ordezkaririk ez…, begi bistan dagoena ez du ispilurik behar”.
Mankomunitatearen Juntan PNV, PSE eta PP batera
Desoreka hau nabarmena da guztiz Mankomunitaea osatzen duten zazpi herrietako datuak alderatzen baditugu. Zazpi herriak honako hauek dira: Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz eta zenbakiak honako hauek:
- PNVk: 40 zinegotzi Mankomunitateko herri guztien artean eta 8 ordezkari Mankomunitateko juntan
- EHBilduk: 26 zinegotzi eta 3 ordezkari
- Independenteak: 7 zinegotzi eta 2 ordezkari
- DB-TU: 5 zinegotzi eta ordezkaririk ez
- Orain: 2 zinegotzi eta ordezkaririk ez
- PSE: 2 zinegotzi eta ordezkari bat
- PP: zinegotzi bat eta ordezkari bat
Datu hauek azalaratzen dute PNVk gehiengo osoa duela Mankomunitatean (8 ordezkari 15etatik); gainera Mankomunitatearen Lehendakaria eta Lehendakari ordea aukeratzeko unean, batera bozkatu zuten PNVk, PSEk eta PPk, horrela PNVk kargu biak eskuratu zituen.
Aipatutako Junta honetan, Sopelak 3 ordezkari ditu: PNVko bat; PSEko bat (Sopelako laugarren indar politikoa izan arren) eta EHBilduk bestea. Zalantzarik gabe aukeraketa honetan PNV-PSE itunak eragina izan zuen.
307 Ikustaldiak