Gaur amaitzen zen epea Espainiar Tribunalek mehatxupean emandako agindua betetzeko. Bandera Espainiarra inposatu dute eta hori dela eta, azken asteetan Sopelako Udalean dauden eta egon diren hautetsiek manifestu bat zabaldu zuten eta mozio bat onartzeko proposamena bideratu zuten. Dinamika honetan parte hartzeko EAJri gonbidapena egin zioten baina jeltzaleek uko egin zioten.
Gaur, BILDUk hautetsi hauen mozioa bideratu du eta bilkuren aretoan elkartu diren zinegotzi ohiek esperantza zuten jelkideen aldetik jarrera oztopotzailea ez egoteko. Baina sorpresa handia izan da eta sorpresak haserreari bidea eman dio. PP eta PSE alderdien aldetik ez da sorpresarik egon. Jelkideek aldiz, eztabaidaren mamiari ihes egin diote eta formak direla eta inork ez duen ulertu ezezko botuarekin, PP eta PSE alderdien eskutik joan dira mozioa errefuxatuz.
Bozeramale jelkideak kontradizioetan jauzi da. Hasieran manifestu honen berri duela aste bat eduki zutela esan du. BILDUren bozeramaleak gezurtatu dio eta publikoaren aurrean esan du mozioaren bultzatzaileek EAJ alderdiari hauteskunde autonomikoak baino aste batzuk lehenago bilera eskatu ziotela. Leire Pinedok, jeltzaleek bilera hori etengabe atzeratu dutela aurpegiratu dio. Hau entzun eta gero, Josu Landaluzek onartu du hauteskundeak baino lehenagotik esakizun horren berri eduki dutela baina bere diskurtsoarekin jarraitu du EAJren bozka zein izango litzateken argitu barik.
Azkenean, bozketarako unea heldu denean, Espainiar Banderaren inposaketaren salaketa instituzionala egitearen alde BILDUren eskuak baino ez dira altxatu. Jarraian, inposaketa hau ez salatzearen alde EAJ, PP eta PSE alderdiek eskuak batera altxatu dituzte, espainiar banderaren inposaketari onarpen politiko eta ofiziala emanez. Bete beharreko inperatibo legalaz eta errepresiboaz gain, PNV, PP eta PSE alderdiek onarpen instituzionala gauzatu dute.
Jelkideek soinean pegatina bat zeramaten. Pegatina horrek “good bye, spain” leloa zeraman. BILDUk bandera ipini behar izan du baina beste hautetsiekin batera salaketa instituzionalarako dinamika martxan ipini nahi zuen eta esan dutenagatik horretan mantenduko dira. Aukera paregabea zeukaten jeltzaleek BILDUkoekin batera, adierazpen instituzional eta ofizial baten bitartez espainiar banderari “good bye” opa diotela esateko, baina PP eta PSErekin egin duten lerroketarekin “ongi etorria” esan diote, Sopeloztarren gehiengoaren nahiari izkin eginez.
Aretoan egon diren hautetsiek haien haserrea eta tristura adierazi dute eta datorren larunbatean, azaroaren 17an, Udaletxeko Plazan bultzatu duten ekitaldira joateko deia egin dute. “Orain inoiz baino gehiago inposaketa honen aurkako dinamikak gero eta indartsuagoa izan behar du. Ezin dugu onartu inposaketari ongi etorria ematea. Gauza bat da behartuta egotea eta batasuna faltagatik herri moduan orain inperatibo legal honi planto ez egitea. Baina ofizialki ez salatzea, hori ezin da onartu. Ikurrinaren defentsan eta piperpotoaren salaketarekin aurrera jarraitu behar dugu.” Larunbatean plazan beste aukera bat. Ziur ez dela azkena izango.
332 Ikustaldiak