Urriaren 27an, Sopelako Udaletxean egindako plenoan onartuak izan dira 2012rako udal tasa eta zergak. Atal gehienetan ez da igoerarik egongo, hala ere, zenbait zerga edo tasatan gaurkotze batzuk egin dira KPIren inguruan.
Horrela, IBIri (ondasun higiezinen gaineko zerga), KPIa ezarriko zaio (%2,8) eta salbuespena 10 euroko beherakoetan ezarri da, lehen zeuden 30 eurorekin alderatuz. Ibilgailuen zerga progresiboki ezarriko da, batez besteko igoera %3koa bada ere, zilindrada gutxiagokoei %1 ezarri zaie eta gehiagokoei %7. Honekin batera CO2 gutxien isurtzen dutenei %50eko hobaria ezarri zaie eta ibilgailu elektrikoei %75. Azkenik zaramak %4ko igoera izan du.
“Krisia luzatzen ari da eta Udalak oinarrizko zerbitzuak bermatu behar ditu, horregatik irizpide bi uztartu nahi izan ditugu: herritar asko pairatzen ari diren krisia, eta oinarrizko diru sarrerak bermatu, oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko. Kontuan izan, Udalak duen diru sarrerarik nagusiena Diputazioak bideratzen duen Udalkutxa izeneko diru sarrera dela, eta 2012rako Sopelari dagokiona, 2008 zegokiona baino gutxiago da, beraz Sopelak 4 urte darama diru sarrera berdinarekin eta zerbitzuak gero eta handiagoak” argudiatu zuen BILDUren bozeramailea udalbatzan.
Tasa eta zerga hauek onartuak izan dira BILDUren aldeko botoekin, PSOEren abstentzioa eta PPren ezezkoarekin. PNVk atal batzuetan abstenitu da, eta beste baten batean (zarama) Bai bozkatu du. BILDUk balorapen positiboa egiten du, alde batetik, pausu hau behar beharrezkoa zelako 2012. urteko aurrekontuak prestatu ahal izateko, beste aldetik, ahalegina egin delako igoerak ahalik eta murritzenak izan daitezen, eta hainbat arlotan igoerarik ez ezartzeko, eta azkenik alderdiren baten jarreran ere aurrerapausoak eman direlako, ez dute babestu, baina gutxienez ez dute oztopatu.
BILDUren urriko buletina eta elkarrizketa ekonomia arloko zinegotziarekin
308 Ikustaldiak