Sopelako zinegotzia den Patricia de los Angeles
Alfonso kanporatua izan da Elkarrekin-Podemosen
Udal taldetik “koalizioaren bizkarrera
eta bere interes pertsonalen alde jarduteagatik”. Zinegotziak uko egin dio
akta entregatzeari eta, aurrerantzean, atxiki gabeko zinegotzi gisa jardungo du
Sopelako udalean.
Sopelako Elkarrekin-Podemoseko kideek uste dute
iruzur demokratikoa dela Patriciak zinegotzi izaten jarraitzea eta karguari
eustea “Sopelako herritarrek aukeratu
baitzuten errespetatu ez dituen ideia eta programa zehatz batzuk defendatzeko”.
Elkarrekin-Podemosek jakinarazi duenez, hemendik aurrera Eder Garcia
zinegotziak bakarrik osatuko du Udal Taldea.
Krisia
maiatzetik dator: transfugismoa
Maiatzeko osoko bilkuran Sopelako
kirol-instalazioen 15 + 5 urterako lizitazioa esleipena eztabaidatu zen.
Bazirudien proposamena ez zela aurrera aterako, oposizio osoa (EHBildu,
Elkarrekin-Podemos eta DB-TU) aurka bozkatzera zihoalako, baina, “kasualitatez”, bozketaren unean,
Patricia Alfonsok “arazo teknikoak izan
zituen eta konexio telematikoa galdu zuen”. Une hartan, abagunea
aprobetxatuz, Gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurrera atera zuen esleipena alkatearen
kalitatezko botoa baliatuz.
Aho batez, oposizioko talde guztiek inpugnatu
zuten bozketa hori “parte-hartze
politikorako eta botoa emateko eskubidea urratzeagatik”, baina Patriciak,
jo puntuan zegoen zinegotziak, uko egin zion inpugnazioa sinatzeari, eta
jarraian, % 60an partzialki liberatzeko eskatu zuen, 28.000 euroko
ordainsariarekin. Une horretan, transfuguismo alarma guztiak piztu ziren.
EAJk eta PSEk BAI bozkatu zuten liberazio horren alde udal batzordean; nahiz eta osoko bilkuran, Patriciak, “gaizki-ulertuak” eta “presio mediatikoa” argudiatuz gai-zerrendako puntu hori kentzea eskatu zuen. Uztailean, Patriciak bat egin zuen PNV eta PSErekin eta aldeko botoa eman zion BPXport enpresak kirol-instalazioen kudeaketa bere gain hartzeari, 15 + 5 urterako lizitazioan.
Gertaera horiek aintzat hartuz,
Elkarrekin-Podemosek barne prozesu bat ireki zuen, eta orain egin da publikoa
ebazpena: Patriciaren kanporaketa.
(argazkian Elkarrekin-Podemosen aurkezpena Sopelan, Patricia txalotzen
ari da hizlariaren ondoan)
787 Ikustaldiak