naia aste on

naia aste on

Kaletik noa azaroko arratsalde euritsu eta langar batean. Euritik babestu nahian, jendez betetako taberna batean sartu, lekutxo bat aukeratu, egunkaria esku artean eta kafea ahora hurbildu bezain pronto: atxiiiiiiiiis! Doministiku galanta!

Berehala inguruko guztien begi niniak zure kokotean iltzatuta sentitzen dituzu eta baten batek dio, broma eta haserrearen arteko doinu batez: “ez da izango A gripe famosoa, txo!”

Famosoa edo, ez dakit, baina “Krisiarekin” batera, titular gehien duen gaia dela argi dago. Gaur egun modu demokratiko batean lan egiten duen bakarra bera da: bai emakume eta bai gizon, langile edo langabetu, bertoko zein atzerritar… berdin-berdin pasatuko ditugu 5-6 egun ohean hotzikarak jota, gorputz osoko minez eta parazetamol edo ibuprofeno deritzoten edabea gogoz kontra hartzen.

Azken aldian zeharo ezezaguna den gaixotasun edo birusa dela ematen duen arren, Euskal Autonomi Erkidegoko datuak hartuta, azken 10 urtetan zehar urritik martxora arte doan garaian A Gripearen kasuak egon dira (zenbakiak gora edo behera). Aurtengo desberdintasunik garrantzitsuena, aurreko urteekin alderatuta, zera da: azaro arte gripe kasu gehiago egon dela brote moduan, eta bereziki inoiz baino goizago agertu direla.

Konplikazioak, heriotzak, tratamendu espezifikoa, txertoak…arratsaldeetako kulebroien moduan, eguneroko bizitzan ikusi beharrean telebistako albistegi eta tertulietako gozokia izaten ari da. Egunero-egunero, gure morbo dosi txikia behar dugulakoan, ospitaletan hildakoen kopurua argi eta garbi azaltzen digute, haurdun dauden emakumeak badira hobe, eta gazte edo umeak balira… audientzia  kopuruak gora egiten du.

Kafea zertxobait hoztuta, eta telebistako programazioari gain-begirada emanda titularren bila noa. Eta hara sorpresa!. Letra handiz eta negritaz: “Osakidetzak A gripearen aurkako txertaketa kanpainari  hasiera emango dio”

Asper-asper eginda, kafea hartu. muku-zapia gorde eta kalera ateratzen naiz, nire txaketaren poltsiko txikia argitaratu gabeko galderaz gainezka doalarik: Non daude beste urteetako hildakoen zenbakiak? Heriotza kopurua ezagutzen dugu, baina zenbat gaixo egon dira orotara? Zenbat diru gastatzen ari da A gripearen aitzakia pean? eta are garrantzitsuagoa: Olentzeroa hain eskuzabala izango ote da guztiekin Novartis, Roche, Baxter moduko laborategiekin bezala?

 

360 Ikustaldiak
Partekatu: