mikel

“Bere sorterria nekez uzten du
sustraiak han dituenak,
nekez uzten du bere lurra zuhaitzak
ez baita abaildu eta oholetan”
  (Joseba Sarrionandia)

Hala ere gizakia ezta zuhaitza, eta sustraien beharrez oinek hemetik hara, handik hona, daramate. Onerako zein txarrerako, mundua mundua denetik, edo hobe, gizakia munduan denetik, norabide ezberdinetan mugituz eta zabaltzen ibilia da. Horrela behin Kurtzioko muino gainean Neardental   gizakia agertu zen. Han, ehizerako harriak zein mota askotako lanabesak lantzen eman zuen denbora. Kliski-klaska, harriak apurtuz Neardentalak sortu zuen Uribe Kostako lehenengo zabortegi ilegala.

40000 urte pasatu ziran  eta 1959 gehiago. Neardental morrosko txaparroaren zabortegiak aztertzera apaiz arkeologo argal meharra etorri zen Sopelara. Suerte galanta izan zuen, 50 urte beranduago heldu izan balitz etxe eta  txaleten artean aitzurra non sartu topatuko ez zuelako. Sotanaren ordez buzoa jantzi zuen apaiz arkeologoak, eta berehala zundaketak egiten hasi zen. Zulo bat Kukulun beste bat Errekalden, bat Iturralden eta beste bat Zabaletxen, bat Larraurin eta beste bi Ollagortan. Zuloz zulo historiaurreko zabortegietako hondakinak aztertuz ibili zen gizona. Zuhurtasunez azkenean eskuan silex beltza altxa zuen eta bere lankideari betaurreko borobilen gainetik begiratuz esan zion:

-Dudarik ez! Musteriar aldiko Quina dok hau.
Lagunak maisuaren iritzia buruarekin baieztatu zuen.
-Musteriarra!!.
Orduan landetako esne-behiek  lasaitu ederra hartu zuten.

40000 urte pasatu ziran  eta 1959 gehiago. Apaiz arkeologoak Sopelako bazterrak zulatzen zituen bitartean Karibe aldeko irla batean munduko historia iraultzen ari zen. Euskal Herrian bertan, aro berri bat hasi zen. Garai batean apaiz arkeologoak bere lurra utzi behar izan zuen bezala, nekez, beste askok aurrerantzean, nekez, sorterria uztera behartuko zituzten. Pasatu dira 40000 urte eta 2010 gehiago, eta gaurko egunetan ere, hainbat eta hainbatek sorterria utzi beharko dute. Neke eta oinazez.

Gizakia zuhaitza ez den arren, batzutan zuhaitzak baino sustrai sakonagoak izaten ditu.

 

353 Ikustaldiak
Partekatu: