Francoren garaietan herri ia guztietan egoten ziren salatari faxistak, Falange, OJE edo bestelako instituzio frankistetako kideak, frankismoaren apologia egiteko ezeze , „gorriak“ eta „separatistak“ jazarri eta umiliatzeko ere orduko tresna errepresiboetako krudelena zen Guardia Zibilarekin batzen zirenak. Lotsagabe nazkante hauetako baten edozein salaketa faltsu nahikoa zen edozein herritar atxilotua eta koarteletan torturatua izan zedin, edota denbora luzez jazarria izan eta haren bizimodua eramangaitz bihurtzeko. Orduan ere honelako ekinbideei bidea errazteko legeak ezarri ziren, „Ley de vagos y maleantes“ delakoa ,akaso, ezagunenetarikoa izanik.

Hori etorri zitzaidan gogora lehengo astean Berangoko taberna ezagun batean gertatu zena entzundakoan. Taberna horretara hurreratu zen bertako PP-ko zinegotzi bat bere bizkartzainekin. Langileei tabernan zeuden kartelez galdetu, kargu hartu eta hilarri-hizkeran botatako „vete buscándote un abogado“ batekin ospa egin zuen. Handik gutxira dozena bat ertzain kaputxatu sartu ziren tabernara, zinegotziaren mehatxua burutu nahian edo. Oraingoan bestelako lege batzuez baliatuko dira, Alderdien Legeaz nahiz Terrorismoaren Biktimen Legeaz, baina beste garaietako helburu berdinak lortu nahi dituzte: indarrez ezarritako egoerakiko kritiko direnak beldurtu, zigortu eta indargabetu, bizimodua zaildu, eskubideak urratu. Berdin tabernaria zein zinegotzi abertzalea bazara, berdin egunero 10 orduz poteak zerbitzatzen edo Zuberoako garapen ekonomikorako ekimenak antolatzen ibili bazara, hamarka poliziak inguratu, kinka larrian utziko zaituzten isunak jarri edo urteetako kartzela zigorrak ezarriko dizkizute. Lehengo lepotik burua.

Errepresioak nahiko arrakasta mugatua zuela ikusirik, belaunaldi berrien dotrinamendura jo zuten „Formación del Espíritu Nacional“ ikasgai bihurtuz. Berriki Eusko Jaurlaritzari gauza bera otu zaio, (hara ze kasualitatea!), eta Bizikidetza Demokratikorako eta Terrorismoaren deslegitimaziorako Plana pentsatu du eramatea gure seme-alaben ikasgeletara. Orduan bezala saiatuko dira azaltzen herriari hitza ukatzen diotenak eta herritarrak zanpatzen dituztenak „salbatzaileak“ direla, eta aske izan nahi dutenak, ordea, „separatistak“, Meliton Manzanas „demokrata“  zela eta Joxe Arregi, aldiz, „biolentoa“. Lehengo lepotik burua.

Nago ni, salatari herratsu haien ondorengoak nahiko itxura deitoragarria ematen ari direla hain errezeta zahar eta eraginik gabekoak erabiltzean. Gainera, nolabaiteko premia antzematen da beren ekimenetan, aurki letorkeen zerbait berriaren beldur balira edo. Agian egoera bat non oraindik zailago izango baitute Euskal Herriak jasaten duen eskubide urraketa estali eta mantentzea.

Nago ni, salatari haiek bezala, tabernariak zein presoen familiarrak jazartzen dituztenak eta umeak manipulatzen saiatzen direnak herrak jota aritzen direla. Jende aihertsua da eta horrek ahaztarazten die herri hau arnas luzekoa dela, eta Berangoko taberna horretara lehen baino gehiagotan sartzen saiatuko garela asko eta gure aurrekoek gurekin egin bezala, ondo baino hobeto azalduko diegula gure seme-alabeei nor diren herri honetan salatari haien ondorengo politikoak eta nor „gorri separatistenak“. Lehengo lepotik burua.

313 Ikustaldiak
Partekatu: