Sopelako Udaleko osoko bilkurak 2012. urteko aurrekontuak onartu zituen atzo, martxoak 20. Kontuak Bilduren zinegotzien aldeko botoekin onartu dira; EAJ abstenitu egin da, eta PSE-EEko zinegotzi biak eta PPko zinegotzi bakarrak, aldiz, aurka bozkatu dute.
Partaidetza eta negoziatzeko borondatea
Aurrekontu hauek herritarren partaidetzan eta beste alderdiekin negoziatzeko borontatean oinarritzen dira, alde batetik, Sopelako Udalak aurrekontu parte-hartzaileak bultzatzeko prozesua abian jarri zuelako abenduan, eta beste aldetik, aurrekontuak onartu egin dira BILDUk eta PNVk akordioa lortu ostean.
BILDUK oso positiboki baloratu zituen atzo onartutako aurrekontuak, kontuak %12 jaitsi diren arren “zerbitzuetan murrizketarik eragin ez duelako”. Era berean, udal gobernuak aurkeztutako proiektua auzokideen eta beste talde politikoen ekarpenetan oinarritu direla gogoratu zuen. Honez gain aurrekontuaren ezaugarri ekonomikoak baloratu zituen gehienbat: “Aurrekontua baliabideen optimizaziora bideratuta dago; gastu korrontearen kontrolaren, razionalizazioaren eta eustearen bidez. Aurrekontu hauen helburu nagusia Sopelako auzokideen beharrizanak asetzea izan da; krisi testuinguru honetan, Udalari konpromiso handiagoa eskatzen diotelako”.
Josu Landaluze EAJko bozeramailea onartutako proiektuarekin “asetuta” dagoela adierazi zuen, bere ustez, aurrekontuak “aurrera eraman nahi genituen hainbat proposamen” jasotzen dituelako. Bai PSE-EEko bozeramaileak bai PP-ko zinegotziak “udal aurrekontuak onartu dituzten akordiotik kanpo” utzi dituztela salatu zuten, “eta horregatik erabaki dugu aurka bozkatzea”.