Gaur arratsaldez Erandion 200 lagunek manifestazioa burutu dute Bateragune auzian Epaitegi Gorenak publikoa egin duen ebazpenaren aurka, D3m eta Askatasunaren aurka burutzen ari den epaiketa salatzeko eta Estatuak mantentzen duen errepresioa gelditzeko eskaera eginez.
Erandioko kaleetan zehar errepresioaren aurkako ohiuak Euskal Herriak behar duen askatasunaren aldekoekin uztartu dira. Amaieran metroko plazan Iker Rodrigo, D3m eta Askatasunaren aurkako epaiketan inputatuta dagoen auzokide erandioztarrak hitz egin du. Epaiketa honetan zehar Estatuak mantendu nahi duen blokeorako hautua oso argi geratu dela berretsi du. Eli Zubiaga eta Iker Rodrigo inputatuak manifestazioan egon dira eta bertan bildutakoen babesa eta gertutasuna jaso dute. Errepresioaren aurkako herri mobilizazioarekin jarraitzeko eta estatuak bilatzen duen etsipenean ez erortzeko deia egin dute.