BILDU SOPELA KARTELA

Sopelako BILDUk EAJ-PNVren jokabidea salatu du

BILDU SOPELA KARTELAPasa den astean Sopelako Udalaren inguruan hedabideetan kontu asko ibili ziren. PNV-EAJk bultzatuta, PP eta PSE-EE alderdiekin batera, prentsan BILDUren Udal Gobernuak Bateragune auziaren inguruan zabaldutako adierazpenak gogor gaitzetsi zituzten.

Ekimen horren aurrean, Sopelako BILDUk kartelak atera ditu PNVren portaera hori salatzen, botatako akuzazioak argitzen eta bide horretatik ez jarraitzeko eskatzen. Lehenengo eta behin, argi utzi dute “BILDUk ez duela inoiz Udal osoaren izenean hitz egin. Kontrakoa esatea gezurretan ibiltzea da eta PNVkoek badakite. BILDUkoek soilik  UDAL GOBERNU TALDEAREN izenean hitz egin zuten auziperatuen askatasuna eskatzeko.”

Aurrekoa esanda, PNVren jokaera larria dela adierazi dute. BILDUren ustez, EAJ, PP eta PSE_EE alderdiak gai honetan batera aritzeak “ekintzen bidez alderdi hauek Arnaldo Otegi eta gainontzeko preso politikoak espetxean mantentzeko hartu duten erabaki politikoari sostengua” ematea da. Gainera portaera hau ez dela berria azpimarratu dute. Gogora ekarri dute EAJk Ion Etxegarai gazte Sopeloztarra espetxera sartzeko epaia salatzeko Udalean aurkeztu zen mozioaren aurka bozkatu zuela. BILDUk dio beste herrietan antzeko erasoen aurrean EAJ erasotutako auzokideen alde agertu dela baina Sopelan, EAJkoek “BILDU higatzeko helburuarekin edozein gauza egiteko prest daudela erakutsi dute.”

Azkenik, Sopelako BILDUk EAJkoei gai hauetan mantentzen ari diren portaera aldatzeko deia egiten die.

333 Ikustaldiak
Partekatu: