Sopelako udalbatzak, beriro ere, euskal presoen dispertsioa bertan behera utz dezala eskatu dio Espainiar Gobernuari. EhBilduk aurkeztutako proposizioak aurrera egin zuen, EhBilduko eta EAJ-PNV botoen esker. PSE-EEko zinegotzi biek eta PPko zinegotzi bakarrak kontra bozkatu zuten.
Onartutako proposizioak salatzen da Espainiako Gobernuak hamarkadak daramatzala euskal presoak Euskal Herritik urrundu eta sakabanatzen; eta politika horrek, ez dituela soilik presoen eskubideak urratzen, baita euren senideenena ere.
Sopelako udalak uste du espetxe politika anker honi bukaera emateko garaia dela eta ondorioz erakunde eskudunei, eta hauen artean Espainiar Gobernuari eskatzen dio presoak beren ohiko egoitzatik hurbil dauden espetxetara hurbiltzeko prozesua hastea: gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoei aplikatzea, lehen legez kanpoko jotzen ziren baina orain legezko jotzen diren jarduera politikoengatik kondenatuta dauden presoei ezartzea eta zuzenbideak hala ezartzen duelako, presoei espetxe araudiaren arabera dagozkien onurak normaltasun eta tratu berdintasunez aplikatzea.
Sopelako Udalak akordio honen berri emango die Eusko Legebiltzarraren Bake eta Elkarbizitza Ponentziari eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza Idazkaritzari.
304 Ikustaldiak