Gure Esku Dago-k “Herri bat gara, Erabakitzeko eskubidea dugu” aldarrikapenarekin bat eginez, Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan Herri Kontsultak antolatu ditu.
Bizkaiko Hitza agerkariak elkarrizketa egin dio Sopelako talde sustatzailearen partaidea den Anjel Artaberi (2016ko ekainaren 3an).Sopela.net-ek bere osotasunean argitaratzen du Bizkaiko Hitzak Anjeli egin dion elkarrizketa.
Ados jarri dira Uribe Kostako herritarrak. Eta adostasun horri eguna ere jarri diote: 2017ko apirilaren 2a. Orduan egingo dute etorkizunari buruzko herri galdeketa Urduliz, Lemoiz, Sopela eta Barrikan. Eta sortu berri duten Ados Uribe Kosta elkartea izango da prozesuaren bultzatzaile nagusia. 150 lagunek osatzen dute elkartea gaur-gaurkoz, baina herritarrei irekita dagoen taldea dela azaldu du Anjel Artabe partaideak (Sopela, 1958).
Nola izan da galdeketara deitzeko prozesua?
Eskura prozesua egin genuenetik erronka nagusi bat izan genuen eskualdean: erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenekin zer egin pentsatu. Eztabaida luzea izan genuen, eta bidea beste era batean egitea erabaki genuen. Iruditu zitzaigun herri galdeketa antolatzea askoz aproposagoa zela adierazpenaren barruan lan egitea baino. Eta erabakitzeko eskubidearen adierazpena herri galdeketaren parte gisa jarri dugu. Hori guztia egiteko sortu da Ados Uribe Kosta elkartea.
Nolakoa izan da batzordearen eraketa?
Batzorde sustatzailea osatzeko zerrenda luzea osatu genuen eskualdean. Herri mugimenduetako, elkarteetako eta bestelako eragileetako partaideekin hitz egin genuen, eta baita norbanakoekin ere. Talde sustatzailean ahalik eta aniztasun handiena biltzea izan zen gure helburua hasieratik, eta oso profil ezberdineko herritarrengana jo dugu horretarako. Herritarrekin hitz egin ondoren jo genuen alderdi politikoetara, eta, oro har, ona izan da egitasmoaren inguruan izan duten jarrera. Esparru guztiekin berba egin ondoren egin genuen talde sustatzailea osatzen dugunon bilera. 150 pertsonako taldea gara orain, baina parte hartzea ez dago itxia inondik inora ere.
Herritarrak lanerako gogoz azaldu zaizkizue?
Talde sustatzailean izateak zer-nolako konpromisoa eskatzen duen galdetu digute askok. Eta konpromisoa norbere aukeraren araberakoa dela erantzun dugu beti. Prozesu honetan, ez dago gutxienekorik, gutxieneko guztiek gehitu egiten dutelako, eta denek dute tokia batzordean. Taldea osatu ondoren, aurkezpen publikoa prestatzen hasi ginen. Hori izan da orain arteko zailena, testua guztien artean adosten aritu baikara. Ordu asko eman dugu horretan, baina oso pozik gaude emaitzarekin.
Eskualdeko zenbait herritakoak elkartu zarete batzordean. Kudeaketa errazten du horrek?
Goierriko esperientziari arreta handiz erreparatu diogu, eta han egin dituzten urratsei begira egon gara. Uribe Kostako herriak ezberdinak dira, bai. Baina, soziologikoki, nahiko antzekoak dira denak. Plataformak hitzaldiak egin dituenean, antzeko gauzak entzun ditugu herri gehienetan.
Zeintzuk dira galdeketak egin arte egingo dituzuen urratsak? irakurtzen jarraitzeko SAKATU–> GEHIAGO IRAKURRI