Euskaltegi: medidas urgentes (Al final en erderaz)
Azken hilabeteetan, Sopelako Udal Euskaltegiaren inguruko hainbat kexa jaso ditugu, ikasle zein ikasle ohien aldetik. Kexa horiek Euskaltegiaren egoera larriaz ohartarazi gaituzte.
Euskaltegian ikasle izandako norbait ezagutzen dugun guztiok ondo dakigu bertan dauden arazo eta irregulartasunak. Gaia larria da. Arazo guzti horiek ikasle asko beste euskaltegi batzuetan matrikulatzera bultzatzen ditu.
Arazo askori buruz ohartarazi gaituzte, baina horietatik guztietatik larrienak, EH Bilduren ustez, ikastaroak hasi eta bukatzeko epeak dira. Beste euskaltegi batzuekin alderatuta, epe oso laburrekin. Horrek zailtasun asko sortarazten die ikasleei, azterketa ofizialak prestatze aldera. Zailtasun are larriagoak seme-alabak dituzten ikasleentzat, umeen udako oporrekin bukatzen baitituzte ikastaro horiek. Oso ohikoa da ere irakasle batzuen kontratazioa hilabeteko atzerapenarekin bideratzea, behin ikastaroa hasita. Kasu horietan gela desberdinak batu egiten dira, ikasgelak masifikatuz eta ikasleen artean ezinegona sortuz. Beste irregulartasun bat IVAP/HAEE-ko ikasleei materialarengatik kobratzen zaien 100,00€-ko gainkostua, nahiz eta matrikula osoa eta ikastaroaren kostu guztiak diruz lagunduta dauzkaten. Eta bukatzeko, badira hainbat ikasle euskaltegiko administrazio langileekin arazoak izan dituztenak, tratu desegokiak jaso dituztenak eta akademikoak ez diren arrazoiengatik maila edo kurtso aldaketak izan dituztenak.
EH Bilduren asmoa Euskaltegiko zerbitzuak hobetzea da, eta horrela ikasle kopurua mantendu eta handitu. Helburua, Euskaltegiko langile gehienek egindako lan izugarria kaltetua izan ez dadin, kudeaketa oker batengatik. Horregatik, EH Bilduk beharrezkoa ikusten du Udal Gobernuak ahalik eta azkarren erantzun zehatz bat ematea aipatutako arazoei. Egoera hori ez da berria, aurreko ikasturteetan ere eman da. Jakin badakigu Udal Gobernuak egoera horren berri baduela. Hartu beharreko neurriek erabatekoak izan behar dute. EH Bilduren ustez, Euskaltegiko zuzendaritzan eta administrazioan aldaketa bat eman behar da eta horrez gain, bitartekoak jarri behar dira Udalak Euskaltegiaren kudeaketa kontrola dezan. Azkenik, ikasleen asebetetzea neurtuko lukeen inkesta bat bideratzea nahiko genuke, gerta daitezkeen arazoak identifikatu eta aurre egiteko aukera emango ligukena. Are gehiago, talde edo kurtsoen ordezkariez osatutako egitura edo organu bat sortzea ere planteatzen dugu, ikasleen proposamenak, iradokizunak eta abar jaso ahal izateko eta horiek guztiak Euskaltegiko zuzendaritzari bidaltzeko.