Trankuk beregan hartu du Sopelako Elizaren margoketa

Astelehen goizean Sopelako Eliza Indarkeria matxistaren aurkako margoekin agertu zan. 24 ordutan udaleko langileek eliza berriz zuritu zuten.
Trankuk hurrengo egunetan beregan hartu du elizaren margoketa sare sozialetan komunikatu hau hedatuz :

Datorren astean emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna da. Zalantzarik ez daukagu, instituzio eta erakundeek ekitaldi eta adierazpenak egingo dituztela indarkeria honen kontra.

Baina zalantzarik ere ez daukagu, adierazpenotan emakumeonganako indarkeria kontzeptu abstraktu edo gertakari isolatu moduan tratatuko dutela. Ez da indarkeria honen errudunik seinalatuko. Eta jakina, ez dira indarkeria hau babesten duten pertsona, erakunde, ideologia eta jarrerak kondenatuko.

 Guk, ordea, argi daukagu emakumeon aurkako indarkeria eta diskriminazioa sistematikoak direla. Honegatik, hau eragiten duten hezkuntza, kultura eta balore arkaikoak salatuko ditugu. Eta honegatik, guzti hau babesten dutenak seinalatuko ditugu, gizartearen bidegabekeriaren erantzule direla erakusteko.

Elizak mendeetan zehar gure gizarte matxista eraiki du. Hezkuntza, kultura, erlijioa eta boterearen jabe izanda, beste inork baino erantzukizun handiagoa dauka emakumeak bigarren mailako pertsona bihurtzen. Eta bide berean jarraitzen du eta jarraituko du, honegatik barkamenik eskatu, erantzukizunik adierazi edo hausnarketarik egin barik.

 Are gehiago, Elizaren jarraitzaileei larriagoa irudituko zaie eraikina margotzea, salatzen dugun indarkeria sistematikoa baino. Min handiagoa egingo die ordena tradizionala apurtzeak emakumeak diskriminatuta bizitzeak baino.

 Baina guk badauzkagu hitz bi zapaltzaileak babesten dituztenak deskribatzeko: bata KONPLIZE da eta beste ERRUDUN.

Tranku

 

 

327 Ikustaldiak
Partekatu: