Santa Ageda

Santa Ageda koplak Sopelan-Urduliz inguruan 1.981ean jasoak

Sopelako kaleetatik herriko talde ugari ibili dira Santa Ageda bezperako egun honetan, hain zuzen ere, argazkian, arratsaldeko 18:30ean talde guztiek batera egin duten saioa udaletxeko plazan ikus daiteke. Santa Ageda eguneko ohitura bizi-bizi dago Euskal Herrian eta oinarriak ondo finkaturik ditu Sopelan.

Ez da lehen aldia Sopela.net-ek aipatzen duela 1981ean Mikel Zaratek (Iker Mintegia; Labayru Ikastegia) argitaraturiko lana: bertan Sopelan eta Urduliz inguruan kantazen ziren hainbat kopla eta nola ospatzen zen jai hau laburbiltzen da.

Hona hemen lanaren zati batzuk:Gaztetxoek lehenago Sopelan ere, beste herri askotan legez, Eguen Zuri egunez kantatzen eben, eta nagosiek Santa Ageda bezperan. Kantatzen joiazanak bakotxak makilla bana eroaten eben, basoan artu ta egiñikoak. Makillok San Blas zintekin ornatuta eroaten ebezan kopla-kantari joiazan gazte aldrak. Goizean eguna argitu baiño lehen asten ziran kantatzen (seirak-zazpirak inguruan), eta egun osoan jarraitzen eben illuntzera arte, zortzirak ingurura arte. Bazkaritzat bokadilloren bat edo beste ezerezkeriren bat bakarrik artzen eben. Danerik batzen eben: dirua, txorizoak, arrautzak, sagarrak… gero illuntzean afari-meriendatxo bat egiteko, eta gaiñerakoa bananduteko. Oitura zan Urdulizen, herriko lagun zahar batek batutakoaren errepartoak egitea afari ostean.

Etxe bakotxera joakeran, koplak kantatzeko jarraitzen eben araua hauxe zan gutxi gora-behera. Lehenengo agurrezko bertsoren bat. Gero bi edo hiru Santa Agedari eskeiñiak. Ondoren bertso bat etxeko jauna-ri; gero etxekandereari, ostean neskatxari, urrengo mutillari… edo baita etxeko besteren batzuei ere. Koplaren bat etxeko guztientzako ere kantatzen zan. Hori danori egin ondoren, sari-eske egiten ziran bertsoak, eta azkenez, agurrak, despedidak. Etxe bakotxean luzaroan egoten ziren kantariok, ogei minutu-edo. (Goizean goizetik gau berandura geratu barik kantatzen, eta Sopela herri naiko txikia zalarik). Asarreak ere egoten ei ziran sarritan: norbaitegaz ahaztu egin zirelako, zeri edo hari kantatu ez eutselako, edo dana dalakoagaitik, eta gehiago kantatuazoten eutsen.

Lana osorik irakurri ahal izateko eta koplak ezagutzeko sakatu: SANTA AGEDA KOPLAK SOPELANA-URDULIZ INGURUAN (euskonews.eus)

449 Ikustaldiak
Partekatu: