Sopela kiroldegia

Sopelako kiroldegiko langileak borrokan 

Sopelako kiroldegiko langileak borrokan daude beraien lan baldintzak hobetzeko eta ondorioz bezeroentzako zerbitzu hobea eta kalitatezkoa eskaini ahal izateko.

Kiroldegiko langileon ordezkariak diren LAB eta ELA sindikatuek salatu dute zerbitzu publikoen lizitazioaren bitartez erakundeak aukerarik merkeenaren bila ibiltzen direla benetako beharretan oinarritu beharrean.Erakundeek aukerarik merkeenari esleitze honek, ezinbestean, langileen prekarietatea dakar: jardun murritzak, aldi baterako kontratuak, jai egunen eta klaseen prestakuntzarako denboraren aitortza eza, lan postu eta ordu berriak eskuratzeko berme eza, lan arropa egokirik ez, pertsonal urria…

Erabiltzaileei eskaera

Langileen ustez, kiroldegiko erabiltzaileek ez dute ezagutzen bertakoen prekarietatea; hori dela eta, burutuko dituzten mobilizazioen bidez ez dute nahi erabiltzaileak aztoratzea, kontrakoa baizik: zerbitzuaren kalitatean sakondu nahi dute. Hortaz lan baldintzak hobetzeko egingo dituzten mobilizazioak eta paroa babesteko eskatzen diete bezeroei.

Mobilizazioak

Langileek lan-etenak egingo dituzte ekainaren 18an, 19an eta 26an, goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arrataldeko 17:30etik 19:30era. Ekainaren 27an greba izango da.

Salaketa orokorra

Salaketa ez da bakarrik Sopelan kokatzen, Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaien hitzarmena duintzeko borrokan daude eta Administrazio publikoak bermatu behar duela zerbitzua eta  bertan lan egiten dutenen lan baldintzak aldarrikatzen dute. Agiriaren arabera, 18 hilabeteko negoziazioa daramate eta azken 30 urte hauetan izan dituzten hitzarmenak ez dira duinak izan; “ez gaude prest adar jotze hau onartzen jarraitzeko, sektorearen egoera jasanezina da” diote.

457 Ikustaldiak
Partekatu: