kartel itsusia

Ahatetxo itsusia… barkatu “Karteltxo itsusiaren ipuina” esan nahi nuen.

Bazen behin, Sopelako kaleetan kartel bat, itsusi-itsusia bera. Kartela euskaraz eta gazteleraz zegoen idatzita, baina euskarazko testua ulertezina zen. Euskaldunok, zur eta lur, irakurtzen saiatzen ziren eta harrituta edo haserre zera komentatzen zuten haien artean: “hau ulertezina da” “bai euskara traketsa” “zabarkeri halakorik” …

Kartela Sopelako Udalak sinatzen zuen eta “ez, ez da ulertezina, ez da traketsa, ez da zabarkeria, kartela onartezina da” erabaki zuen azkenean irakurleetariko batek eta sare sozialen bidez salaketa egin zuen (baten batek ez badaki, argituko dugu euskaldunok euskaraz irakurtzen dugula eta modernoak garela, sare sozialak ere erabiltzen baititugu)

“Hara!” sare sozialetan argitaratu bezain laster, denetariko iritziak plazaratu ziren. Gehienak bat zetozen kartelaren euskara maila iraina zela euskaldunontzat eta horrelakorik ez zela inoiz gazteleraz idatziko; baina Udaletxeko defendatzaile batzuek zalantzan jarri zuten kartela “Sopelako udalak ezin du hau bezalako kartelik idatzi”… “kartela edonork ipini du Udalari kalte egiteko”. Euskarak defendatzaileak omen ditu, baita Udalaren Gobernuan dagoen alderdiak ere babesle sutsuak ditu.

Zenbait “aldeko eta kontrako emotikono” batzuen ostean dena argitu zen. Kartel itsusia bene-benetakoa zen, eta kartelean azaltzen zen obraren enpresa-arduradunak aitortu zuen beraiek jarri zutela kartela eta beraiek erabili zutela udalaren zigilua lanak udalak kudeatzen zituelako.

Enpresak barkamena eskatu zuen sare sozialen bidez eta konponduko zuela esan zuen… Udalaren arduradunen berri publikorik ez dugu; herritarrek salatu baino lehen, ez al zuten haiek zaindu behar udalaren zigilua daraman kartel publiko bat?… baina “ez dago gatzik on ez dakarrenik” eta handik oso egun gutxira kartel itsusia kartel eder bihurtu zen (ahatetxo itsusia bezalaxe) eta euskara ulergarri eta dotorean jarri zuen enpresak.

Eta holan ez bazan sar dadila kalabazan eta irten dadila Sopelako plazan…

Oharra: Eskerrik asko eta zorionak enpresari akatsa onartzeagatik eta konpontzeagatik. (W.)

403 Ikustaldiak
Partekatu: