Sopela: “ba al dakizu benetan zer dioen feminismoak?”

Datorren otsailaren 19an, Larrabasterrako Plaza Beltza Kulturgunean hitzaldia izango da. Hitzaldiaren izenburua “Ildo Feministak” da, eta bertan feminismoan eragina duten hainbat ikuspuntu aztertuko dira. Hitzaldia irekia da interesa duten guztiontzat feminismo teoriko, dituen ikuspegi anitzetan eta gaur egungo gizartearen egoeran feminismoak duen estatusa soziopolitikoa aztertuko direlarik.

Hizlaria Olatz Barbier dugu, Sopelako bizilaguna, erizaina, eta une honetan antropologia ikerketa doktoratu aurreko lanak burutzen ari da, batez ere gorpuztasun, feminismo eta prostituzio arloetan. Sopela.net-ek Olatzekin hitz egin du hitzaldiaren gako nagusiak aipa eta aurrera diezazkigun.

Sopela-net: Zergatik izendatu duzu hitzaldia “Ildo feministak”?

Olatz B.: Hitzaldian egile eta lan teoriko batzuk azaldu nahi ditut. Egile eta lan hauek barnebiltzen dituzte feminismoan sortu diren hainbat ildo: hortik datorkio izenburua “Ildo feministak” hitzaldiari. Gaur egun dauden feminismo mota ezberdinak azaltzen saiatuko naiz, aintzat hartuz egungo mugimendu sozial, politiko, kultural, ekonomiko eta espiritualak oso heterogeneoak direla. Umore-garratz ukipen bat eman nahian, eta batez ere ezagutza sakonago eta feminis Feministakmoaz hausnarketa kritika sortu nahian, historian zehar  emakumearen egoeraren azterketan oinarrituko naiz.

S.net: Zein da hitzaldi honen helburua? Beharrezkoa ikusten duzu?

O.B.: Feminismoa benetan zer den aztertzeko ezinbestekoa da pedagogia egitea, hor dago hitzaldiaren koska. Une honetan patriarkago-kapitalismoa bikoteak, hedabideen bidez sistemari aurre egiten ez dion feminismo mota bat islatu nahi du, are gehiago: feminismoa bereganatu nahi izan du, kontsumismoa  bultzatuz eta kolektiboaren borroka ezabatuz. Horren ordez emakumeen askapenaren bidean “indibidualismoa”ri  bultzada eman diote. Emakumeen ahalduntze arazo askoz korapilatsuago, sistematiko eta indartsuagoa da eta kolektiboki bideratu behar da, ez esparru pertsonalaren bidez.  

S.net: Uste al duzu herritarrok ezagutzen ditugula, bene-benetan, feminismoa zer den eta dituen helburuak?

O.B.: Nire ustez herritar askok ez dakite feminismoaren helburua zein den: emakumearen askapena, eta ez gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren ideia engainagarria. Lagun askok ideia nahasiak dituzte hainbat kontzepturi buruz: emetasuna, generoa, sexismoa, ahalduntzea, sexu askatasuna, alokatutako sabelak, haurduntza subrogatua, bodypositive, cotton ceiling, e.a.   

S.net: Feminismoa horrela ulertzeak zer eragina du zure ustez?

O.B.:  Feminismoak aldarrikatzen duena era erratuan ulertzeak, pentsatzen dena baino gizarte matxistagoa eta sexistagoa bultzatzen du. Modernoak eta aurrerakoiak omen diren ideia erratu hauen azpian dinamika kaltegarriak erreproduzitzen dira gehiengoa diren emakumeen zapalduen aurka.

S.net: Bukatzeko, aurrera diezazkigukezu hitzaldian aipatuko dituzun arlorik zehatzenak?

O.B.: Zenbait galderaren erantzuna ematen saiatuko naiz, esatebaterako: zenbat feminismo mota daude? Beyoncé feminista al da? Badakizu zer defendatzen duen Queer teoriak?  Zer da feminismo erradikala? Ba al dago feminismo marxista? Gizona izan daiteke feminista edo feminismoaren kidea?… honetaz guztiez eta askoz gehiagoz arituko gara. (W.)

573 Ikustaldiak
Partekatu: