Sergio Polo: bikotea eta alabarekin izandako bideo-dei hori indar “bulkada” izan da.

COVID 19ak eragindako berrogeialdiaren aurrean Sopela.net -ek hainbat elkarrizketa egin ditu, eta gaurkoan Iratxe Morenorekin elkartu gara. Iratxe, Sergio Polo preso sopeloztarraren senidea da. Gure etxeetan berrogeialdia gogorra bada, zer esan Herrera de la Manchako kartzelaren hormen barruko egoeraz, zure herritik eta lagunengandik 650 kilometrora. (argazkia: Sergio Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautetsia izan zen 1999an)

Une honetan, baduzue harremanik, loturarik, Sergiorekin?

Familiarrok Sergiori egin genion azken bisita martxoaren 7-8ko asteburuan izan zen; geroztik, hilabete bat baino gehiago pasatu den arren, ezin izan dugu ikusi, inor ezin izan da joan bisitatzera eta bakarrik telefonoz hitz egiteko aukera izan dugu. Koronabirusak sortutako Alarma Egoera ezarri zenetik, espetxe guztiek eten zituzten aurrez aurreko harremanak presoekin. Egia da telefono dei kopurua eta denbora handitu dela, baina senideok oso arduratuta gaude.  Denbora honetan guztietan Sergiok bideo-dei bakarra egin ahal izan du bere bikote eta alabarekin, baina aukera hau zaila da, Sergiorentzat eta preso guztientzat, eta une honetan ez dakigu noiz izango duen, edo izango duen, beste aukera bat.

Nola dago Sergio, gogo-aldartea?

Gogo-aldartea, animo aldetik, indartsu ikusten dugu, eta eskertzekoak izan dira senide eta lagunen partez jaso dituen babes eta maitasun keinuak. Gainera, aipatu dugun  bikotea eta alabarekin izandako bideo-dei hori indar “bulkada” izan da.

Eta osasuna aldetik?

Koronabirus dela-eta, arazorik ez; baina egora hau ezarri baino lehen Sergiok bazuen min handia bizkarraren beheko aldean eta hankan. Hain zuzen ere, eskatuta zeukan ordua ospitalera joateko, eta une honetan bisita horrek ez du datarik… Nahiko “izorratuta” dabil. Medikuek artatu ez duten arren, ematen du ziatika duela hernia batek eraginda. “Sasi-diagnostiko” hau gure konfiantzako mediku batek eman digu Sergiok azaldutako datuetan oinarrituz. Kartzelako medikuak, bitartean, ezertarako balio ez dituzten analgesikoak baino ez dizkio errezetatzen.

Eta egunerokoa?

Gaur egun, eta denboraldia darama, erizaindegian dago. Berak eskatu zuen bertan egotea, leku honetan beti berogailua dagoelako eta, antza denez, beroak ondo egiten dio. Dena dela, aurreko astean, berriro eskatu du modulura leku-aldatzea, erizaindegian bakarrik dagoelako preso komunekin eta ezin du ezer egin, ikastea ere zaila egiten zaio, mahairik ere ez du eta.

COVID-19a dela eta, ba al dakizue zerbait Herrerako egoeraz?

Sergiok esan digunaren arabera, presoen artean ez omen dago gaixorik. Guk geuk, ez dakigu protokolorik duten ala ez  gaixotasun kasuren bat suertatzen bada era egokian jokatzeko. Ematen du egoera zeharo ezberdina dela funtzionario eta Guardia Zibilen artean, dirudienez, haien artean hainbat gaixo egon dira, baita hildakoren bat ere.

Elkarrizketa sorta honen amaieran sarri galdetzen dugu “egunerokotasuna” bueltatzeko grinaz, baina egoera hau berezia da…

Une honetan zuek guztiok animatzea idatz diezaiozuen, eskertuko du izugarri. Hau da bere helbidea: C P. Herrera de la Mancha – Ctra. De Argamasilla s/n. – Apartado 77…. 13200 – Manzanares ( Ciudad Real). Etorkizunari begira?… Eta aurrera begira… gaur apirilaren 17a da, “Nazioarteko Preso Politikoen eguna” eta espetxean ez dago egun errazik, ez dago urte errazik. Sopelan badago beste preso, Urko Labeaga, bigarren graduan dagoena eta orain Koronabirusagaitik kalera irteteko aukera ukatu diote. Osotara 236 euskal preso politiko daude espainiar eta frantziar estatuetako espetxetan barreiatuta. Egoera hau gainditu behar da eta Euskal Herrian adostasun zabala dago maila politiko, sindikal eta sozialean. Zer desio dugu: “Euskal presoak Etxera”

Elkarrizketa hau argitaratu eta 48 ordura, Sergioren senideek jakinarazi digute lehen Covid-19 positiboa eman dela Herrera de la Manchako presoen artean (W.)

820 Ikustaldiak
Partekatu: