Langabeziak gora egin du Sopelan

Covid 19ak eragindako osasun krisia dela-eta, langabeziak gora egin du Sopelan. Apirilaren amaieran, gure herriko langabezia-tasa %11,2koa zen, alegia, 773 herritar zeuden egoera honetan.

2019. urtearen amaieran (abenduan) Sopelako langabezia-tasa %9,4koa zen (673 lagun); beraz %1,8 igo da tarte honetan. Igoera martxoan hasi zen sumatzen osasun krisia hasteaz batera: langabezia %10,7koa izan zen (735 herritar)

Ezkutuan dauden errealitateak: emakumeak, zerbitzuak, DBE (RGI), EBEE (Erteak)…

Datu orokor honek zenbait egia ezkutatzen ditu. Langabeziaren eragina askoz handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino: emakumeen %12,5 langabezian dago, eta gizonak, aldiz, %10.

Langabetu gehienak zerbitzuen alorrekoak dira, Sopelan langabetuen %75a, alegia 4tik 3 zerbitzuetatik datoz,  773 lagunetatik 587.

Langabeziaz hitz egitean, sarri egoera “larriagoak” ahazten dira, DBE (RGI: oinarrizko beharrak estaltzeko baliabide ekonomikorik ez duten pertsonentzako eta familientzako diru laguntza). Apirilean 257 sopeloztarrek  eskatu behar izan dute diru laguntza hau. 2019an batez beste 231 pertsonek eskatzen zuten hilero. Beraz ikusi ez arren (edo ikusi nahi ez arren) Sopelan badago pobrezia finko bat eta honetan ere, emakumeak gehiago dira gizonak baino, 161 emakume eta 96 gizon.

Ezin dugu aipatu zenbat sopeloztar daude EBEE egoeran (Erte batean) ez baitugu ezagutzen herriz herriko datua.

124 positibo COVID 19an

Ez zen bidezkoa izango artikulu hau bukatzea Osakidetzaren arabera, maiatzaren 7 arte, Covid 19an positiboa eman duten 124 sopeloztar aipatu gabe. Kopurua larria eta handia da. (W.)

Sopela.net-ek hiruhilero argitaratzen ditu langabeziaren datuak gure herrian, baina osasun krisi egoera honetan hilero ematen ari den bilakaera aztertzea komenigarria da.

Datu hauen iturria: Espainiako Ministerio de Empleo y Seguridad Social (SEPE, Sevicio Público de Empleo Estatal) eta Euskal Enplegu Zerbitzua LANBIDE

798 Ikustaldiak
Partekatu: