Sopelako plaza: Indarrak batzeko eta aurrera egiteko garaia da

Hitzordua: igandea 13:00etan

“Plazak aldarriz betetzeko” deia egin du GURE ESKU DAGO herri ekimenak Hamaika Gara dinamikaren barruan. Euskal Herriko herri eta txoko askotako plazak beteko dira, eta Sopelako hitzordua igande honetan izango da, ekainaren 7an, udaletxeko plazan 13:00etatik eguerdiko 14:00etara.

Sopelako herriko plaza berreskuratu eta aldarriz betetzeko asmoa du Gure Esku Dago herri ekimenak. Horretarako parte-hartzaile bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eramango du zati guztiekin mosaiko bat osatzeko. (parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorroztasunez bermatuko dira)

Hamaika Gara dinamika

Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa da ‘Hamaika Gara’ egitasmoa. Erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko jarrera nagusia ikustaraztea du helburu, eta Euskal Herriko lurraldeetan urrats eraginkorrak egitea.

Gure Esku burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko duen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu da azken urtean zehar gizarteko alor askotako eragileekin eta harreman horiei esker, Hamaika Gara ekimena abiatu zuen martxoaren 11n, erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta. Osasun krisiak baldintzatu du ekimena eta hainbat kale mobilizazio, ekitaldi e.a. udazkenera atzeratu diren arren, biharko ekitaldiak abiapuntua izan nahi du Sopelan eta Euskal Herriko  txoko guztietan. 

 ‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’

Herritarrok eta gure aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela uste dute sustatzaileek  “premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea”. (W.)

631 Ikustaldiak
Partekatu: