Sopelako lorezainak mobilizatzen ari dira.

Sopelako udal-lorezainek 3 eguneko greba egin dute aste honetan eta beste 3 egingo dute hurrengoan haien Lan Hitzarmena Udalarekin zuzen-zuzenean negoziatzeko. “Azken urteetan, administrazio publikoek zerbitzu guztiak pribatizatzeko joera dute, pribatizazio horrek langileen lan-baldintzetan duen eragina aintzat hartu gabe: prekarizazioa eta lan baldintzak okertzea” salatu dute beharginek.

Administrazioek gero eta zerbitzu gehiago  uzten dute enpresa pribatuen esku, eta batez ere, enpresa hauen eskaintza ekonomikoa baloratzen da, bertako langileek izango dituzten lan-baldintzak alboratuz.

Sopelako lorezainen egoera

Sopelako lorezaintza zerbitzua SAMYL enpresak (Servicios Auxiliares de Mantenimiento y Limpieza S.L) kudeatzen du eta Sopelako langileei Estatu mailako Lan Hitzarmena ezarri die, ondorioz herriko langileek gertuko beste herrietakoek baino askoz gutxiago kobratzen dute.

Hori dela eta, lorezainek %15eko igoera eskatzen dute, gutxienez, Erandioko lorezainekin berdintzeko; beste herrietakoekin aldea oraindik handiagoa baita. Honez gain 35 lan ordu astero aldarrikatzen dute egun betetzen dituzten 37,5en ordez.

Udalak egindako pliegoen arabera, 8 lorezain behar dira zerbitzua bermatzeko, baina kopuru hau ez dela sarritan betetzen salatzen dute langileek, haien bajak eta oporrak ez direlako ordezkatzen. Gainera, aipatutako pliegoetan jasota dago lorezaintza zerbitzuak lur-sail berrietara zabaldu ahala, enpresak diru gehiago kobratuko duela, baina diru hau ez dela langileen poltsikoetara eta lan baldintzak heltzen.

Samyl enpresak Valladoliden du helbidea eta ez du ordezkaritzarik EAEn. 1990ean sortua da eta “Top 10ean” kokatuta dago eraikinen garbiketa eta mantentze enpresen sektorean 40 milioiko fakturazioarekin, 3.000 langilerekin eta % 20ko urte arteko hazkundearekin. Datuak SAMYL enpresaren web orritik daude jasota.

Sopelako lorezainen gatazka: aspaldiko kontua.

Lan gatazka orain berpiztu bada ere, aspaldikoa da. Hainbat urtetan Sopelako lorezaintza zerbitzua  herriko Laubide enpresa txikiak eman du, lau kooperatibistak eta bost langilek osatua. Aurreko legealdian zerbitzu hau multinacional baten esku geratu zen: Valoriza, Sacir taldekoa eta bakarrik bereganatu zituen 5 langileak, lau kooperatibistak kanpoan geratuz. Erabaki hau 2016ko maiatzaren plenoan hartu zen PNVk eta PSEk aldeko bozka emanik, DB-TU abstenitu zen eta aurka agertu ziren EHBildu eta Orain Sopela.

Dirutan emandako murrizketa ere erabatekoa izan da, horrela 2014an, Laubide enpresa garaian eta EHBildu alkatetzan zegoela, kontratua 422.219 eurokoa zen. PNVk, multinazionalaren esku utzi zuenean, 2017an, bakarrik 270.000 euro esleitu zituen aurrekontuetan, eta gaur egun, 6 urte beranduago, eta lur sail gehiagorekin zaintzeko, kontratua 314.479 eurokoa da. (W.)

665 Ikustaldiak
Partekatu: