Udalak SOPELBUS zerbitzua bertan behera utzi du.

Uda honetan ez da Sopelbus zerbitzurik egongo hondartzara joateko, eta ziur asko, neguan ere ez. Erabakia Sopelako gobernu taldeak (EAJk) hartu du: zerbitzua eteteko gaia ez da Udal Osoko Bilkurara eraman eta, beraz, ez da eztabaidatua izan udal taldeen artean. Alde bakarreko erabaki horrek ez du bat egiten 2020ko aurrekontu-akordioarekin, non Sopelbusentzat 250.000 euroko partida aurreikusten zen.

Udal osoko Bilkuran, galdera

Zerbitzua ematen ari ez zela ikusita, Osoko Bilkuran EHBilduren eledunak galdetu zuen SopelBUSen egoeraz, eta Udal Gobernua desenkusatu egin zen osasun-krisiaren ondorioz izan duten denbora faltagatik: “Udan zerbitzua esleitzea guztiz ezinezkoa da, Udalak ez baitu denborarik izango zerbitzu hori lizitaziora ateratzeko”.

Aitzakiak, inkongruentziak eta erantzukizunik eza

EAJk pandemiari denbora falta leporatzea aitzakia hutsa da: Udaleko zerbitzuak eta sailak ez dira inoiz gelditu; gainera, hondartza denboraldian SopelBUS zerbitzua eman ahal izateko, lizitazioa hilabete batzuk lehenago egin behar da eta urtarriletik zeuden aurrekontuak. Aitzakiak are nabarmenagoak dira apirileko osoko bilkuran SopelBUSen BARIK txartela martxan jartzeko erabakia hartu zelako.

Murrizketak eta sentsibilitate falta

Hala adierazi du EHBilduren bozeramaileak: “Murrizketa da, zerbitzu bat eteten da, ekonomikoki defizitarioa bai, baina sozialki zerbitzu errentagarria da”. SopelBUSen zerbitzua 2009an hasi zen, EAJ alkatetzan zela, eta 2011n, EHBilduren eskutik, zerbitzua urte osoan luzatu zen. Orain arte, nahiz eta zerbitzu errentagarria ez izan, beti mantendu da bere gizarte-zerbitzuagatik: Arriateratik eta Sopelmartik metrorako anezka; ikastolarako zerbitzua; jubilatuen etxetik gertuko geltokia; adineko edo mugikortasun urriko sopelostar askori udan hondartzetara joateko aukera; garraio publikoa sustatzea metroarekin batera… (W.)

1.553 Ikustaldiak
Partekatu: