Sopelako Kuadrillak Elkartearen komunikatua

Larunbat gauean, Sopelako jai eta Covid 19ak eragindako osasun krisiaren giroan, jende pilaketa izan zen. Komunikabide batean agertutako informazioen aurrean, Sopelako Kuadrillen Elkarteak bere iritzia plazaratu du. Honako hau dio, hitzez hitz:

Zapatu gauen Sopelan izandako gertaeren inguruan hainbat hedabidek ateratako adierazpenen aurrean, Sopelako Kuadrillen elkarteak honako hau erantzun nahi du:

Duela aste pare bat Sopelako Kuadrillen elkarteak, jai Batzordea osatzen duten elkarte ezberdinekin batera jaietarako proposamen bat egin genuen segurtasun eta osasun neurri guztiak errespetatuko zituena. Zenbait aisialdi-kultur jarduera antolatzeko nahia genuen Sopelako hainbat elkarte eta eragile lagunduz eta kultur sektorea sustatuz. Gure proposamenak segurtasun eta osasun berme guztiak betetzen zituen, herritarren Osasuna lehenetsita; sarrera kopurua mugatuz eta publikoa beti eserita egonda.

Hala ere, inguruko herrietan emandako egoerak ikusita, halabeharrez eta zoritxarrez, gure proposamena bertan behera gelditzeko erabakia hartu zuen udalak, eta guk erabakia errespetatu eta onartu genuen.

Ezarritako osasun-neurien gainetik, larunbat gauean zehar, jende pilaketa nabariak egon ziren Sopelako erdigunean. Atzo “El Correo” egunkariak kuadrilez bazkari herrikoia antolatu zutela argitaratu zuen, baita gure elkarteak antolatutako ekintza izan zela. Argi azpimarratu nahi dugu informazio hori erabat faltsua dela. Sopelako Kuadrillen elkarteak ez zuen ekintzarik antolatu, Udalak eta jai Batzordeak hartutako erabakia errespetatuz eta betez. Albisteak berak izan duen zabalkundea ikusita, guztiz beharrezkoa ikusten dugu informazioa erabat okerra eta difamatzailea dela argitzea.

Bide batez, jai herrikoiak posible egiten dituzuen pertsona eta elkarte guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu egiten duzuen lanagatik. Egoerak ahalbidetzen duen bezain laster itzuliko gara inoiz baino ilusio handiagoz!

483 Ikustaldiak
Partekatu: