Osasun-zentroen egungo egoera murrizketen ondorioa da

Sopela.net-ek Edurne Ugarte doktorearen bideoa erreproduzitzen du artikulu honetan. Edurne lehen mailako arretako medikua da Uribe Kostan eta “SOS lehen mailako osasun arreta” testuaren sinatzaileetako bat da. Testu hori uztailean argitaratu zen, eta gure herria dagoen Uribeko OSIko 100 osasun eta administrazio-profesionalek babestu zuten.

Bideoan, Edurne Ugarte doktoreak medikuntzako profesionalak osasun-zentroetan bizitzen ari diren egoera kaskarra deskribatzen digu.

Jakinarazi digu udan ez dela ordezkapenik egin: norbait oporretan edo bajan bazegoen, ordezkapenak ez direla bete. Gertatu da osasun zentroetan 8 mediku egotea plantillan eta 3 bakarrik lanean, eta hiru horiek kontsulta guztiei erantzun behar izatea.

Erizaintzako langileek ere behera egin dute; izan ere, hainbati Covid-19 kasu positiboen arakatzaileen lana esleitu zaie. Hau da, plantillak handitu beharrean, langileen funtzioak aldatu egin dira, eta, beraz, anbulatorioetako lehen mailako osasun-arretako langileak murriztu egin dira. Edurne Ugartek jakinarazi du egunero 40 edo 50 kontsulta artatzen ari direla, telefonoz edo aurrez aurre.

Edurneren ustez, pandemiarekin egoera okertu da, baina sakoneko arrazoiak aurreko urteetan aurkitu behar direla, murrizketa ugari eman baitira. Krisi ekonomikoaren urteetan Osakidetzak diru falta argudiatzen zuen baja guztiak ordezkoekin ez betetzeko; orain medikurik ez dagoela dio. Ugarte doktorearen arabera, ez dago medikurik Osakidetzak hainbat urtez bidegabe tratatu dituelako bere langileak: 2 edo 3 kontsulta egiteko eguneko kontratuak egiten, eta, horren ondorioz, mediku asko joan dira pribatura, mutuetara edo lan-egoera hobea duten beste erkidego batzuetara; horregatik, orain “ez dago medikurik” Osakidetzak kontratatu ahal izateko.

Bitxia bada ere, horrelako salaketen ondoren eta mobilizapenak hasi bezain laster, Osakidetzak 4.000 langile kontratatuko dituela iragarri du hurrengo lau urteetan!!!. Lehenik, egoera kolapsora eraman eta, gero hotsandiko iragarkiak egin behar.

(Bideoa Getxoko EHBilduren Facebooken aurki daiteke) (W.)

647 Ikustaldiak
Partekatu: