Abaroko sektorearen Plan Partziala aurkeztu da: 500 etxebizitza, horietatik 400 BPEak

Oraintsu, Abaro sektoreko Plan Partzialari hasierako onarpena eman zaio. Proiektu honek eragin nabarmena izango du Sopelako orainaldian eta etorkizunean, baina jatorria oso aspaldikoa da, 1999ko hirigintza arautegian, hain zuzen ere.

Proiektu honetan 500 etxebizitza berri aurreikusten dira eta horietatik 400 Babes Ofizialeko Etxeak (BPE). Proiektua sakon ezagutzeko eta ondo baloratzeko, Unai del Burgo EHBildu udal taldeko bozeramailearekin eta Guillermo García de la Fuenterekin elkarrizketa luze eta mamitsua izan dugu. Guillermo Hirigintzako zinegotzia izan zen Sopelako Udalean EHBildu alkatetzan egon zen bitartean.

500 etxebizitza gehiago Sopelan, beharrezkoak dira?

Unai. Salmenta libreko 500 etxebizitza ez, baina horietatik 400 babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, eta horiek beharrezkoak dira: udalerrian babes publikoko etxebizitza faltari konponketa eman nahi dion etxebizitza babestuen kopuru esanguratsuak. Batez ere Sopelako bizilagunentzat diren etxebizitzak, gazteentzat gehien bat. Zenbat eta zenbat gazte sopeloztar beste herri batzuera joatera behartuta egon dira Sopelako etxebizitza batera iristeko zailtasun ekonomikoak direla-eta? Babes ofizialeko etxebizitzen kopuru hori eraikitzeak , eragina ere izan dezake herriko etxebizitza librearen salmenta- eta alokairu-prezioetan, prezio horiek kontrolatuz eta jaitsaraziz. Horrez gain, eremu hori zeharkatzen duen Gobela ibaiaren inguruan espazio libreak eta aisialdirako guneak sortzea aurreikusten da, baita, eta hau nabarmen azpimarratu behar da, eremu horretan Iberre institutua handitzea, batxilergoa sare publikoan emateko.

Eztabaida dago eraikinen altuerarekin. Sopelako ohiko altuera gaindituko dela argitaratu da.

Guillermo. Ez dugu alde batera utzi nahi, proposatutako etxebizitzen altuera eztabaidarako gaia dela. Gaur egun, Arau Subsidiarioen arabera Abaroko poligonoan baimendutako gehieneko altuera 4 pisukoa da; baina proiektu honetan behekoa gehi hiru, lau eta, oso puntualki, gehi 5ekoak ere aurreikusten da sektorearen beheko aldean. Jatorrizko arazo bat dago: Sopelako Arau Subsidiarioek 20 urte baino gehiago dituzte, eta zentzugabekeria izan zen lur zail eraikigarri zehatz eta mugatu horretan 500 etxebizitza baino gehiago eraikitzea planifikatzea.

Gaur egun aukera egin behar da: edo puntualki pisu bat gehiago onartzen da, edo araua betetzeak eta aurkeztutako proiektuan proposatutako zortzi eraikinen ordez, eraikin gehiago egin behar izatea, eta, ondorioz, espazio libreak, bideak, aparkalekuak, pasealekuak eta abar murriztea, eta Gobelaren ondoko berdeguneak txikitzea. Arau Subsidiarioek oso txarto “tratatu” zuten lur sail hau, hondartzatik gertu dauden beste eremu batzuekin alderatzea besterik ez dago.

Dena dela, altuerei dagokienez, poligono hau desnibela nahikoa duen sakonune batean dagoenez, aurreikusitako altueretarako lortzen diren gehieneko kotak hurbileko eraikuntzenak bezalakoak izango dira.

Institutuaren handitzea aipatu duzu. Herriko hezkuntza-komunitatearen ezinbesteko aldarrikapena.

Guillermo. 2013an, EHBildu alkatetzan zegoela, akordio bana sinatu genuen lur hauen jabeekin eta Eusko Jaurlaritzarekin; akordio horiek egoera desblokeatu zuten eta sektorea garatzen hastea ahalbidetu zuten. Akordio horietan, besteak beste, lursailen aldez aurreko lagapena jasotzen zen institutua handitu ahal izateko. Handitze hori eginda egon liteke, baina aurreko legegintzaldian EAJk oztopatu zuen, jabeek aurkeztutako proiektua aztertu nahi izan ez zuelako, eta, ondoren, ez zuelako onartu EHBildu udal taldeak aurkeztutako proposamena Lurzoruari buruzko Legean jasotako Aurreratutako okupazioaren hirigintza-tresna aplikatzeko, zeinak handitzea egitea ahalbidetuko baitzuen.

Nola baloratzen du EH Bilduk proiektua?

Unai. EHBilduk positibotzat jotzen du aurkeztutako Plan Partzial berri honen hasierako onarpena, eta berandu datorrela salatzen dugu, zehazki 20 urte beranduago. Balorazio orokor horren gainetik, haren aldeko argudio asko (BPEak, berdeguneak, institutua) dituen proiektua dela ondoriozta daiteke, baina ahuleziak ere baditu. Proiektuaren alderdi batzuk hobetu daitezkeela iruditzen zaigu, eta alegazioak aurkeztu ditugu aldaketak proposatuz. Sektorera ibilgailuz sartzeko bideak ez zaizkigu nahikoak iruditzen; gure ustez, Iberre aldean hobetu behar dira, eta Gobelondo kaletik beste sarbide bat sortu Enrike Urrutikoetxea kaletik eremuan sartzeko aurreikusitako sarbide nagusia arintzeko. Aurreikusi behar da oinezko bideak izatea herriaren gainerakoarekin lotzeko: dendekin, osasun-zentroarekin, kiroldegiarekin eta abarrekin, eta trenbideak gainditzeko arrapalak edo igogailua duten pasagune goratuak. Gure ustez, ez dira nahikoak oinezkoen bide publikoak, erabilera pribatukoak baitira eraikinen arteko espazioak, eta horrek, aldi berean, gune arriskutsuak sor ditzake genero-ikuspegitik. Horiek izango lirateke aurkeztu beharreko alegazio nagusiak, saltokien kokapenari buruzko beste alegazio batzuekin batera, edo metroaren linearen ondoan egin beharreko pantaila akustikoari dagozkionak, zeinak, gure ustez, lorategi-eremu zuhaiztia izan beharko lukeen, etab.

Etxebizitza horiek Larrabasterra auzoan daude. Nortasun handiko auzoa da, eta gabezia ugari ditu.

Unai. Sektore honen garapenak Larrabasterra osoan eragina izan behar du, auzoaren eta auzoarentzako jarduketa global gisa ulertuz. Dauden arazoak arintzeko eta bizilagunen bizimodua hobetzeko balio behar du: udal-lokal bat sortzea; Iberrotako berdegunea sortzea Urkoko hezegunearekin eta kirol-gunearekin lotzeko; Iberre antolatzea eta urbanizatzea; aparkalekuak egitea; eta nola ez!, berriro ere Aldundiarekin batera, auzoa zeharkatzen duen trafikoa konpontzea, saihesbide bat sortuz. Azken batean, udalari dagozkion hirigintza-aprobetxamenduek eragina izan behar dute eta batez ere Larrabasterran inbertitu behar dira.

Aipatu duzue jatorrizko arazo bat dagoela: Sopelako Arau Subsidiarioak, 20 urtetik gorakoak. Ezin da ezer egin?

Guillermo. Hala da, Arau Subsidiarioak 1999koak dira, eta adierazi behar da ez zutela gaur egun EHBildu osatzen dugun taldeen babesik izan. Izan ere, EHBildu alkatetzan egon zen lau urteetan, Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berri bat idazteko prozesuari ekin zion. Plan hori errekurritu egin zen, eta ordutik, 2015. urtetik, EAJk ez du mugitu. Abaron lehenago eraiki behar zen, baina 20 urte hauetan EAJk lehenetsi eta bultzatu egin du dentsitate txikiko sektoreak garatzea: txaletak, etxe elkarri atxikiak, etab. Jasangarriak ez diren eta herriaren erdigunetik urrunago dauden guneak, horrek mugikortasunean eta tokiko merkataritzan dituen ondorio kaltegarriekin.

Unai. Hondartzatik hurbilen dauden sektoreak lehentasunez garatzea (Asu, Loiola, Bareño…) EAJk dituen interes espekulatiboei erantzun die urteetan zehar. Arau Subsidiarioetan jasotzen diren eta garatu gabe dauden bi sektore bakarrak, Abaro eta Erripa, herriaren erdigunetik hurbilen daudenak dira, eta horien garapenarekin hiri-jarraikortasuna sortuko zen mugikortasuna erraztuta. “Kasualitatez” eraikigabeko sektore bi hauetan etxebizitza kolektiboak eraiki behar dira, eta “kasualitatez” ere, eraiki behar dira Sopela osorako aurreikusitako BPE gehienak, 900 inguru, zeinetatik 150 besterik ez baitira eraiki.

Ez gara inozoak, izan ere, EAJk orain Abarorekiko eta, beharbada, laster Erripa sektorearekiko duen “bat-bateko” interesak, lehen aipatutako sektoreak agortu ondoren, interes espekulatibo berberei erantzuten dien susmoa dugu.

649 Ikustaldiak
Partekatu: