Sopelako Arrigorri joko-aretoak duen azalera erabilgarria bikoiztuko du, gaur egun 108,49 m2-ko azalera du eta 229,16 m2-ra handituko da. Horretarako ondoko lokala erabiliko da, orain arte “MEC MEC” jatetxearena izan dena, une honetan itxita.
Uztailean proiektua geldiarazi zen, urrian onartu da
2020. urtearen hasieran, “Recreativos Uribe Costa SLk” Arrigorri joko-aretoa handitzeko eskaera bana aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzan eta Sopelako Udalean. Uztailaren 30eko osoko bilkuran, handitze hori kautelaz geldiarazi zen EHBilduren mozio bati esker: mozio horren oinarria zen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila Jokoen Araudi Orokorra berrikusten ari zela.
Kautelazko etetea onartu zen uztailean, baina orain, urrian, Sopelako Udal Gobernu Taldeak, eskaera berriro aztertu ondoren, “oniritzia” eman dio handitze lanei.