Enpresa bat ixteko mehatxua Sopelan: 37 kaleratze posible

United CAPS (United Caps Llagostera Sau) enpresako langileen ordezkariek salatu dute azaroaren 2an enpresak jakinarazi ziela langilei Sopelako enpresaren jarduera itxi eta Kataluniako LLagostera lantegira eramateko asmoa zuela.

Erabaki hori arrazoi ekonomikoetan eta teknikoetan oinarritzen da, baina ELA sindikatuko langileen ordezkariek ukatu egin dituzte datu horiek: “Kontu ekonomikoen irakurketatik ondorioztatzen da enpresaren finantza-egoera onbideratua dela eta onura handiak dituela”.

Greba deialdia, azaroaren 24tik aurrera

Itxiera baieztatzen bada, 37 lanpostu suntsituko dira eta eragina handia izango du Sopelan eta eskualdean; beraz, langileek haien lanpostuak defendatzeko greba mugagabea hastea erabaki dute azaroaren 24tik aurrera eta erakundei babesa eskatu diete. 37 langile hauetatik 6 Sopelakoak dira eta 16 eskualdekoak.

Hori dela eta, Sopelako Udalari itxieraren eta lekualdatzearen aurkako jarrera hartzeko eta langileekin bat egiteko eskatu diote mobilizazioak babestuz. Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari enpresa eta lanpostuak mantentzeko irtenbideak eskatu dizkiete.

Antzinako Embalatap

United CAPS enpresa Olabide kalean dago eta taponeria plastikoko gaiak fabrikatzen ditu: kapsulak, ontzietarako itxiturak, ixteko junturak eta 2018ko apirilean, enpresa horrek Sopelako enbalaje plastikoak (Embalatap) erosi zuen. (W.)

499 Ikustaldiak
Partekatu: