Sopela: zentsura-mozioa, babes nahikorik gabe

Sopelako Udaleko DB-TU alderdiko zinegotzi bakarrak zentsura mozioa proposatu du Josu Landaluze alkatearen aurka. DB-TUren ustez “Alkatea, inbestiduratik igaro diren hilabeteetan, ez da borondatez hartutako konpromisoak betetzen ari” eta alkate berria izateko Unai del Burgo (EHBildu) proposatu du.

Zentsura-mozioaren ibilbide laburra

Mozioa eraginkorra izan dadin, eta ez DB-TU makillaje-ekintza huts bat (orain dela 15 hilabete soilik, ahalbidetu baitzuen DB-TUk EAJren alkatetza, informazio honekin batera doan argazkian ikus daitekeenez), beharrezkoa da gutxienez udaleko zinegotzien erdiak gehi batek babestea, ondorioz, beharrezkoa dira EHBildu eta Elkarrekin-Ahal Dugu zinegotzi guztien sindurak, baina erakunde bi hauek uko egin diote publikoki zentsura mozio honi argitaraturako dokumentu banatan.

Elkarrekin-Podemosek adierazi du, “prest daudela aldaketa bultzatzeko… baldin eta aldez aurreko negoziazioa badago eta akordio programatiko bat lortzen bada eta negoziazio horren ostean erakundeek berresten badute”. Bestalde, EHBilduk esan du azaroaren 13an jakinarazi ziola DB-TUri “proposamen honek ez duela zentzurik une honetan”. DB-TUk, babes nahikorik ez zuela jakin arren, azaroaren 17an zentsura-mozioaren publizitate kanpainari ekin dio sare sozialetan.

Unai del Burgo (EHBildu) proposatu du alkate izateko.

DB-TUk EHBilduko Unai del Burgo proposatu du alkate izateko, baina alderdi abertzalearen iritziz, proposamen hori ez da serioa: “DB-TUren proposamenaren atzean ez dago ezer, ez edukirik, ez formarik… ez dago programarik, ez dago konpromisorik, ez dago laguntzeko benetako borondaterik, ez da behar adinako konfiantzarik ehundu, ez dago DB/TUk erantzukizunik hartzeko borondaterik…”

Koalizio abertzalearen ustez, horrelako proposamen bat elkarrekiko konfiantzan eta lankidetza estuan oinarritu behar da, eta  gaur egun ez dago horrelakorik. EHBilduk gogorarazi du DB-TUk bi aldiz eman diola udal gobernua EAJri, eta bi alderdien jarrerak ez direla sarritan bat etorri ez udal gaietan, ez gizarte arlokoetan eta ez Euskal Herriko egoera politikoaren balorazioan.

EHBilduren ustez, egungo krisi sanitario, ekonomiko eta sozialean, gizarteak egonkortasuna, erantzukizuna, lasaitasuna eta sakontasuna eskatzen ditu, inprobisaziorik gabe, eta garrantzi handiko eztabaidak ezin dira sare sozialen bidez egin. (W.)

647 Ikustaldiak
Partekatu: