Hauek dira Sopelako udaltzainen trebetasunak?

Gazte sopeloztar bat torturari buruzko mural bat egiten ari da (baten batek pintada esango du). Badatoz Sopelako udaltzain batzuk: gaztea geldiarazi, bortizki jarri hormaren kontra, une horretan gazteak kolpe handia hartu kopetan eta odoletan hasi da. Kolpearen ondorioz gaztea zorabiatu egin da, anbulantzia etorri, eta azterketa medikua egin behar diote ospitalean.

Hilabete bateko epean, Sopelako udaltzaingoak (batzuek) hiru aldiz jardun du Sopelako gazteen aurka pankartak jartzeagatik edo aipatutako murala egiteagatik. Hau kasualitatea ote? Sopelako udaltzainen aldetik ez al dago haien gustukoak ez diren jarduera politikoak eragozteko ahaleginik? Ez al dago gazte militantzia politikoaren aurkako jazarpenik?

Hau da Sopelako udaltzainek egin dezaketen edo egiten dakiten gauza bakarra? eta, nahi badute nire hitzak zehaztuko ditut: “hau da Sopelako udaltzain batzuek egin dezaketen edo egiten dakiten gauza bakarra?” Ez diete aurre egiten gaizkile arriskutsu batzuei, baizik eta, herriko gazte batzuen aurrean ari dira.

Gero, eskuak burura eramango ditugu Altsasuko epaia bezalako aberrazio juridikoengatik, edo Aitor eta Galder gazte arabarren aurkako lau urteko kartzela zigorragatik; baina udaltzainen  (batzuen) ekinbide hauek bideratzen dituzte epaiketa horiek. Eta inork ez diezadala esan konparazioak gorrotagarriak direnik: Sopelako kasuan, udaltzainak agertzen direnean eta eztabaida erdian, gazte batek udaltzain bat bultzatuko balu, hau eroriko balitz, buruan kolpea jaso, odoletan hasi, zorabiatu eta ondorioz ospitalera eraman beharko balute anbulantzian, zer “fardela” leporatuko liokete gazte horri? Zein auzitegitan buka lezake gazteen aurkako salaketa, gaztea Ernaiko militante politikoa dela kontuan hartuta?

Josu, Sopelako alkatea, Alberto, Sopelako udaltzainn arduraduna, aspalditik ezagutzen dugu elkar… hau konponduko duzuelakoan nago, ezta?

Bide batez, esan dut murala – pintada, torturaren aurkakoa zela: torturaren aurkako eguna otsailaren 13a da, hemen aipatutako gertaera otsailaren 12an izan zen, eta “Euskal Memoria Fundazioa” ren arabera, Sopelan 1977tik aurrera 9 torturatu-kasu egiaztatu dira.

Guillermo Vío (Willy) EHBilduko zinegotzi ohia

1.037 Ikustaldiak
Partekatu: