Poliziaren herrian, okerra alkate

Urtebete egingo du pandemiak eta datuak txarrak dira, oso txarrak. Jende asko hiltzen ari da, jende asko dago ZIUetan. Tunelaren amaierarik ez da ikusten txertaketa kanpaina espero baino astiroago doalako eta ez zegokien pertsonek aprobetxatu dituztelako zeuden apurrak.

Zerbitzu publikoak indartzea da bidea, zaurgarrienei bizitza errazteko baliabide duinak jartzea, jendeak ezin du osasunaz kezkatu etxea zein janaria ordaintzerik ez badu. Zaintza lanak ez badira kolektiboak. Zaila izan behar du halako egoera bat kudeatzeak, baina, gezurra ari du etengabe.

Kaleak osasunaren izenean militarizaturik daude. Bada zer pentsatua gobernu batek daukan efikaziaz, legeak eta neurriak bermatzeko poliziaren ezinbesteko jokabide bortitza beharrezkoa duenean.

Gazteongana zuzendu dira dardo eta mezu denak. Estereotipo zaharkitu eta antzuetan oinarrituta muntaiak egin dira Euskal Herri osoan. Sopela ez da salbuespena izan. Gazte mugimenduaren jarduna oztopatzen ari dira azken asteetan.

Sopelako Ernaik (@ernaisopela) sare sozialetan salatu zuen duela hamar egun Ertzaintzak bi kide identifikatu zituela. Astelehen honetan, otsailak 8an, beste bi kide pankarta bat jartzen ari zirela, Udaltzaingoaren kotxe bat joan zen haiengana identifikatu zitezen aginduz. Ez zutela zertan egin erantzutean, era bortitzean mehatxatu zituzten komisaldegira eramatearekin.

Kriminalizazio estrategia ordea, ez da horretan gelditu. Atzo gauean, bi gazte silueta batzuk egiten ari zirela, Udaltzaingoak jazarri egin zituen. Bat-batean agertu ziren eta gazte bat pareta baten aurka plakatu zuten bortizki. Horren ondorioz, kolpea hartu zuen buruan eta odoletan hasi zen. Zorabiatu egin zen eta anbulantziak lagundu behar izan zuen.

Ez da kasualitatea hilabete baten buruan, poliziak hiru aldiz jarrera oldarkorra hartu izana. Gazteon aurka gainera. Hutsuneak eta itoginak estaltzeko estrategia izan liteke agian? Gazteok sermoi eta kolpe gutxiago eta konponbide gehiago behar ditugu. Udal gobernuan dagoen EAJk izua zabaldu nahi du. Adierazpen askatasuna mugatuz eta elkartasuna isilaraziz.

Militantzia eta konpromezua zapaldu nahi dituzte eta horren aurrean antolakuntza, borroka eta elkartasuna topatuko dituzte, militantzia politikoa ez baita delitua.

Utzi bakean euskal gazteria!

Naroa Torralba Rodríguez

489 Ikustaldiak
Partekatu: