Hilero 260 sopeloztarrek behar dute DBEa

2020an, batez beste, hilero 260 sopeloztarrek behar izan dute DBEren diru laguntza (DBE= Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, erdaraz RGI Renta de Garantía de Ingresos). Prestazio ekonomiko hau oinarrizko behar pertsonal eta familiarrei aurre egiteko da eta hilero ematen zaie baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonei.

Sopelan behar kroniko ezkutua

Sopelaz dugun irudia bestelakoa bada ere, badago gure herrian egoera ekonomiko oso larrian bizi diren pertsonak. DBEren beharra duten pertsonen kopurua oso egonkorra da hilabete batetik bestera, hain zuzen ere, 2020an zehar Sopelan urrian eman zen DBE eskaera kopururik handiena (274) eta urtarrilean txikiena (242). Kopuru hauek argi adierazten dute DBEren beharra kronikoa dela eta egoera ekonomiko larrian murgildu ondoren, oso zaila dela baliabide ekonomiko nahikoak lortzea lan munduan.

Emakumeak egoera zaurgarriagoan

Langabezian gertatzen den bezalaxe, emakume gehiagok behar dute DBEa gizonak baino, hilero, batez beste 163 emakumek jaso dute DBEa eta 97 gizonek, alegia egoera zaurgarrian daudenen %63 emakumea da.

Ez dira kanpotik etorritako bizilagunak

Estereotipoak ere errotik moztu behar dira, badago ustea laguntza hauek kanpotik etorritako pertsonek jasotzen dituztela, baina datu gordinek ezeztatzen dute “uste” ustel hau: 260 diru laguntza horietatik 196 Estatu Espainolean jaiotako pertsonak dira, alegia eskaeren %75,4.

Zer da DBE? (RGI=Renta de garantía de Ingresos)

DBE prestazio ekonomiko bat da oinarrizko behar pertsonal eta familiarrei aurre egiteko eta hilero ematen zaie baliabide nahikoak ez dituztenei, lan munduan irtenbide bat bilatzen laguntzeko. Oinarrizko beharrak estaltzeko baliabide ekonomikorik ez duten edo baliabide ekonomiko nahikoa ez duten eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pertsonentzat da. Lanik ez duten pertsonak, baliabide gutxi dituzten langileak, pentsiodunak, bestelako pentsio batzuen onuradunak, bizileku-baimenik ez duten atzerritarrak eta abar izan daitezke.

Datu hauek guztiak LANBIDE emanak dira eta bertan zehaztasun gehiago azter daitezke: ikasketa maila, adinak, eskatzaileen jatorria etab. (W.)

480 Ikustaldiak
Partekatu: