Sopela Zipiriñe

Zipiriñek bere etorkizuna erabaki du: eraikin berria Loroñon.

Zipiriñeren etorkizuna erabakitzeko eta ikastetxearen espazio faltaren arazoari behin betiko irtenbidea emateko prozesuan parte hartu dutenen %78k Loroñoko lur sailean eraikin berri bat eraikitzearen aldeko jarrera hartu du.

Prozesu hori urtarrilaren 18tik 22ra egin zen eta azken erabakian hezkuntza-komunitateko 390 kidek hartu zuten parte: 249 emakumek eta 141 gizonek. Horietatik, 304 (% 78) ikastetxe berriaren alde agertu ziren; 78 (% 20) egungo eraikinaren handitzearen alde, eta 8 (% 2) ez zen lerratu ez egitasmo batean ez bestean. Prozesua aurrera ateratzeko ardura Ibatuz enpresarena izan da, udalak kontratatua.

Aukeran bi proiektu

Zenbait galbahe izan ondoren, azken erabakia bi aukeren artean kokatu zen. EHBilduk aurkeztutako proposamena Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikin berri bat egiteko Loroñoko egungo disuasio-aparkalekuko lurretan Zipiriñeren osagarri gisa, eta bestalde, EAJk egindakoa egungo Zipiriñeko eraikina handitzeko eta Goiene kalean patio-eremua handitzeko.

Esan bezala, EHBilduk aurkeztutako proposamenak jaso du atxikimendu gehien. Aukera bat “etorkizunera begira, eta ez epe laburrera”

(proposamen guztiak hobeto ezagutzeko interesgarria da hau irakurtzea: Sopela: proyectos para solucionar la situación de Zipiriñe en manos del Departamento de Educación)

Oso balorazio positiboa

Prozesuaren balorazioa oso positiboa da, interesdunen parte-hartzea oso handia izan baita. Parte hartzeko prozesuak bideratzeaz eta errazteaz arduratzen diren teknikari guztiek oso positiboki baloratzen dute parte hartzera deitutako 1.294 gurasoetatik % 30,13k parte hartu izana; oso kopuru altu eta esanguratsua da, egindako beste antzeko kontsultetan emandako datuak baino askoz altuagoak.

Eusko Jaurlaritzak ezin du gorrarena egin

Eusko Jaurlaritzak ezin du gorrarena egin eta prozesu parte hartzaile honen emaitzat kontuan izan behar ditu. Orain, Hezkuntzak Sailak du hitza Zipiriñeren egoera desblokeatzeko; izan ere, ikastetxeko eledunek gaitzetsi dute Eusko Jaurlaritzak oraindik ez dituela sartu ikastetxearen beharrak 2019/23ko Hezkuntza Azpiegituren Planean. (W.)

589 Ikustaldiak
Partekatu: