Elkarretaratzea Sopelako Udaltzaingoaren bulego aurrean

Udaltzaingoaren “jazarpena” salatu dute

Sopelako bizilagun asko, horietako gehienak gazteak, bildu dira gaur (otsailak 27, larunbata) Sopelako Udaltzaingoaren komisariaren aurrean, 13:00etan. Elkarretaratzearen amaieran irakurritako agirian, udaltzainek Sopelako gazte mugimendu politikoaren aurka egindako “jazarpena” salatu dute.

Jazarpena: 3 identifikazio, kolpea, atxiloketa eta epaiketa bat.

Sopelako udaltzainen  bat prest al dago bere herriko gazte bat kartzelara bidaltzeko kartelak jartzeagatik edo ez identifikatzeagatik, aurretiaz beste bi aldiz identifikatu denean?

Hilabete bateko epe laburrean, Sopelako Udaltzaingoak behin baino gehiagotan jardun du ERNAI erakunde politiko gazteen kontra torturaren aurkako kartelak eta pankartak jartzeagatik edo mural bat egiteagatik.

ERNAIk jakitera eman duenez, otsailaren 8an, bi gaztek baranda batean plastikozko pankarta bat jartzen zuten bitartean, udaltzainak bertaratu ziren identifikazioa eskatuz, eta identifikatu ezean, Udaltzaingoaren egoitzara eramango zituztela esanez. Pankarta Auzitegi Nazionalak Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteei ezarritako kartzela zigorra salatzeko zen.

Ondoren, otsailaren 12an, ERNAIko gazte talde batek Sopelako horma batean torturaren aurkako eguna zela-eta siluetak margotzen ari zirela, udaltzain batek 18 urteko gazte bat paretaren kontra immobilizatu zuen, buruan kolpe handi bat jasoz. Gazteak zorabioak izan zituen eta anbulantzia bat joan behar izan zen gaztea artatzera. Ondoren, udaltzainek identifikatu zuten.

Otsailaren 23an, udaltzain batzuek kartelak jartzen zituzten hiru gazteren identifikazioa eskatu zuten berriro. Bi identifikatu ziren, baina hirugarrenak uko egin zion, “Nahikoa ezaguna zelako, 15 egunetan identifikatzen zuten hirugarren aldia baitzen”. Agenteek hormaren kontra jarri eta polizia-etxera eraman zuen eskuburdinak jarrita, eta Getxoko epaitegian salatu zuten, “desobedientzia larria” egotzita.

Udaltzaingoak espetxe-zigorra eskatu du; epaitegiak artxibatu egin du

“Desobedientzia larria” delitua, hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxe zigorrarekin edo sei hilabetetik hemezortzi hilabetera bitarteko isunarekin zigortuta dago. Udaltzaingoaren salaketa hau izan arren, Getxoko epaitegiak kasua artxibatu du, fiskalak berak ere ez baitzuen gazte sopeloztarraren jarreran deliturik ikusi. Epaileak, fiskaltzak hala eskatuta, artxibatu egiten du kasua, eta geure buruari galdetzen diogu: Sopelako udaltzain bat prest al dago bere herriko gazte bat kartzelara bidaltzeko kartelak jartzeagatik edo ez identifikatzeagatik, aurretiaz beste bi aldiz egin duenean? (W)

548 Ikustaldiak
Partekatu: