Pasadan astean hemen aipatu zen bezala, apostu etxeen kontrako mugimendua sortu egin da Sopelan. Gaurkoan, taldeak eskinitako elkarrizketa dakarkizuegu.

  • Nortzuk osatzen duzue taldea?

Joku aretoen hedapen orokorra ikusita, arazo honi aurre egin eta eztabaida kaleetan piztea erabaki dugun herritarrok osatzen dugu taldea.

  • Zergatik erabaki duzue taldea sortzea? zein da helburua?

Gure egunerokotasunean presentzia handia dute ausazko jokuei loturiko enpresa zein plataforma birtualek. Nonahi ikusten ditugu mota honetako enpresen iragarki esplizituak eta badirudi ez zaiola inolako garrantzirik jartzen horrelako enpresek herri langilearengan ekartzen dituen kalteei. Jabeen etekin ekonomikoei bereziki begira dagoen sistema politiko eta ekonomikoak ez die horrelako enpresa etekingarriei trabarik jarriko eta Sopela ez da salbuespena. Hala, onartezina ikusi dugu Arrigorri apostu etxeak egindako hedakuntza herrian administrazioaren oniritzi osoz eta hortaz gure helburu gertukoena arazoa sozializatzea litzateke, herriak arrotz ikusi ditzan horrelako lokalak.

  • Ezagutzen duzue bertara doazen erabiltzaileen kopurua eta profila?

Argitu beharra dugu, ez dugula nahi inolaz ere erabiltzaileengan erortzerik errua ezta zama. Erabiltzailea baita biktima zuzenena eta bere testuinguru materialak bultzatzen dio horrelako lokaletan egotera ( iragarki bonbardaketa, egunerokotasun monotonoa, herri langileari jabeek ezarritako miseria kultural zein materiala…). Hau argi utzita, azpimarratzekoa da lokal hauetara sartzen den profila adin aldetik oso anitza dela, gazteenetatik jende heldueneraino baina denak langile klasearen seme alabak. 

  • Zergatik da hain kaltegarria herriarentzako horrelako areto bat?

Drogaren presentziaren ikaragarrizko hazkundearekin gertatzen ari den bezala, herri langilearengan dependentzia egoera sustatzen duen jarduera bat da apostu etxeena, gutxi batzuei etekin handiak ematen dizkien bitartean. Nola ez, horrelako dependentzia egoeren areagotzea krisi garaietan burgesiak euren klase interesak bermatzeko bultzatzen ditu. Sopela erdian horrelako areto batek fenomeno hau biderkatu besterik ez du egiten.

  • Arrigorri joko-aretoa irekita egon da pandemian zehar?

Bai, gizarte baterako ezinbestekoak diren hezkuntza, kultura, kirola  zein herri mugimendua bezalako jarduerek oztopo handiekin topo egiten duten bitartean, joko-aretoek zabalik jarraitzen dute herria kaltetuz eta beste behin argi utziz zeintzuk diren sistema honen lehentasunak.

  • Nolakoa izan da Udalaren eta instituzioen jarrera areto horren inguruan?

Arazoaren aurrean, autoritate instituzionalen paternalismoarekin topo egiten dugu zeinetan dependentziaren inguruko “sentsibilizazio” kanpaina ahantzuetan dependentziaren eta ardura indibidualaren inguruko lelo hutsalak behin eta berriro errepikatzen diren. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da haien legeek eta erreformek, haien komunikabideekin batera horrelako aktibitateak legitimatzen eta bultzatzen dituztela. Horren adierazlea da orain eman berri den lokalaren handipena eta azken urteotan Euskal Herrian ugaldu diren apostu etxeen kopurua.

  • Zein da joko-aretoen egoera momentu honetan Sopelan, eta Uribe Kostan orokorrean (ezagutzen baduzue)?

  Arazo honen larritasuna erakuste aldera esan beharra dago Euskal Autonomia Erkidegoan 43.000 pertsona daudela ludopatiaren menpe, eta EAE dela estatuan apostu etxe dentsitate handienetarikoa duen lurraldea. Zentzu horretan, Sopela ez da salbuespena, eta horren erakusle garbia dugu herriaren erdialdean kokatzen den Arrigorri joku aretoaren zabalkuntza “Recreativos Uribe Kosta” enpresaren eskutik.

  • Herritarren artean babesa lortu duzue? zer dio jendeak gai honen inguruan?

Ez dago esaterik herriak nahi homogeneoa duenik, izan ere, herriaren barnean interes talkak daude edonon bezala. Hortaz, herri langilearen interesak defendatzen dituzten jende asko dagoen arren badago estatuaren eta jabeen diskurtsoa bere egiten duenik, horregatik ikusten dugu kaleetan eztabaida piztearen beharra, kontzientzia kolektiboa astintzeko.

460 Ikustaldiak
Partekatu: