Sopelako udalak kirol-instalazioetarako 15-20 urterako kontratua proposatu du enpresa pribatu batekin

Albistea vs. Errealitatea

Albistea: Udalekotzea (munizipalizazioa). Abenduaren 3an El Correo egunkariak argitaratu zuen Udalak kiroldegiko zerbitzua udalekotzeko aukera mahai gainean jarriko zuela, eta horrela zerbitzu horren kudeaketa zuzena hartuko zuela. El Correo egunkariaren arabera, Josu Landaluzek, Sopelako alkateak, zera esan zuen: “Abenduaren 10a baino lehen, pleguaren zirriborroa oso landuta izango duzue, baita publifikazioaren datuak ere, langileen egoera zein izango litzatekeen eta Udalari zenbateko kostua ekarriko liokeen”.

Errealitatea: 15-20 urteko kontratua enpresa pribatu batekin. Errealitatea oso bestelakoa da. Otsailaren amaieran, Udal Gobernu-taldeak gainerako udal-korporazioari plegu teknikoak aurkeztu zizkion Sopelako kirol-instalazioen kudeaketa lizitaziora ateratzeko, eta bertan jasotzen zen enpresa bati egin beharreko esleipena 15 urtetan gehi 5 urteko luzapena, alegia, Sopelako kirol-instalazioak enpresa batekin konprometitzea 15-20 urtez. Konpromiso horren truke, enpresa horrek azpiegitura berrietan inbertituko luke Sopelan: padeleko pisten egungo eremuan, igerilekuen eraikin osagarri berri bat eraikiko litzateke, kirola egiteko areto gehiagorekin. Padel pistak Urkon kokatuko lirateke, eta aparkalekuaren ondoko Urkoko eraikin txikia bulegoetarako eta taldeen lokaletarako erabiliko litzateke.

Etorkizuneko hipoteka

Gobernu Taldearen apustu hau irizpide ekonomizistetan oinarritzen da: kontratua zenbat eta iraupen luzeagoa izan, orduan eta merkeago ateratzen da urteko proportzioan, eta enpresa etorkizuneko ekipamenduez arduratuko da; baina hipoteka handi bat leporatzen dio gure udalerriari: kirol aldetik, ekonomikoki, sozialki eta politikoki.

Kirol aldetik: orain proiektatu da nola handituko diren kirol-instalazioak, nola diseinatuko diren eta nola sortuko diren 20 urte barruko espazio berriak. Proiektu itxia da, egungo gobernu-taldeak diseinatua, eta zerbitzuaren enpresa esleipendunak garatuko du.

Ekonomikoki: kontratu baten hausturak kalte-ordain ekonomiko esanguratsuak dakartza, etorkizuneko edozein korporaziok ordaindu beharko dituenak, eta kasurik onenean, partida hori 15 edo 20 urterako udal-aurrekontuetan jaso beharko da.

Sozialki: Gobernu taldeak herritarren parte-hartzerik gabe diseinatu du plana. ZipiriƱeren etorkizuna zehazteko egin berri den partaidetza prozesuarekin edo iaz kultur azpiegiturei buruz egindakoarekin kontraesan nabarmenean. Bitxia da proiektu bi horiek EHBilduren baldintzak izatea Sopelako aurrekontuak ahalbidetzeko, eta EAJ horiek egitera behartuta egotea. Kirol-instalazioen gaian, aldiz, abenduan udalekotzea planteatu zen, eta behin 2021eko udal-aurrekontuak onartuta ondoren, enpresa pribatu batek 15-20 urterako kudeatzea planteatu zen.

Politikoki: Etorkizunean Sopelan osa daitekeen edozein Udal Gobernuak hartu beharko du bere gain akordio hau, onartu edo ez, ondo edo gaizki funtzionatu: gutxienez 15 urterako kontratua da, errespetatu egin behar da, eta aipatutako ondorio ekonomikoez gain, korporazioak kontratu bat alde bakarrez hausteak lege-arazo larriak dakartza.

EHBildu, Elkarrekin-Podemos eta DB-TU alderdien mozio bateratua

EHBildu, Elkarrekin-Podemos eta DB-TU udal taldeek mozio bat aurkeztu nahi dute datorren osoko bilkuran bi asteko epean Munizipalizazio Espedientea hasteko urratsak eman daitezen eta apirileko Osoko Bilkurarako dokumentu hori prest egon dadin. Gaineratu dute talde horiek ez dutela kontuan hartuko Osoko Bilkuran lizitazio-plegurik onartzea, Sopelako kirol-instalazioetarako zeharkako kudeaketa eraginkorragoa dela egiaztatzen ez den bitartean. (W.)

513 Ikustaldiak
Partekatu: