Egun hauetan, herriko kale eta dendetan, kartel batzuek bilera baterako deia egin dute. Bileran, Sopelako berdeguneak babesteko ideia bat aurkeztuko da, eta antolatzaileek “Sopelako eraztun berdearen lagunek” aurkezpen horretara joateko gonbidapena irekia egin dute.

Eraztun berdea aipatzean, zalantzarik gabe, guztioi datorkigu burura Gasteizko egoera:  bere eraztun berdea nazioartean ezaguna da eta hiria 2012an Europako “Green Capital” izendatu zuten. Hala ere, badira honen moduko beste esperientzia batzuk Euskal Herrian: zenbait proiektu gauzatu dira,  biodibertsitatea aberasten lagundu da eta gaur egun auzotarrentzat harrotasun-iturri dira. Sopelan, hainbat auzotarrek herriko berezitasunak kontuan hartuta, antzeko zerbait egin daitekeen planteatu dute: Posible al da Sopelan “eraztun berdea” izatea gure ingurune naturala zaintzeko eta hartaz gozatzeko?

Azken urteotan gure udalerrian lurzoru urbanizatuaren hazkundea esponentziala izan den arren, egindako galdera horri erantzuna bilatu nahi diote Sopelako eraztun berdearen lagunek eta uste dute oraindik ere badaudela aukera handiak gure ingurune naturala zaintzeko: gure inguruan bizi den fauna eta biodibertsitatea eta gainera sopeloztarrei gozatzeko eta baliabide naturalak eskaintzeko.

Ideiaren aurkezpen publikoa: maiatzak 5

Sopelako eraztun berdearen lagunek lehen ideia bat aurkeztuko dute datorren asteazkenean, maiatzaren 5ean, Kurtzion, 18: 00etan. COVIDek dela eta, aforoa murritza da; beraz bertaratzeko interesa dutenek honako helbide elektroniko honen bidez harremanetan jartzeko eskatzen da: sopelakoeraztunberdea@gmail.com

551 Ikustaldiak
Partekatu: