Lan arloko mobilizazioak
Sopelako kiroldegian 42 beharginek lan egiten dute eta haietariko asko ABEEE egoeran aurkitzen dira (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente, erdaraz ERTE) eta azken egunetan hainbat mobilizazio egin dituzte haien lan arloko eskubideen alde ELA eta LAB sindikatuen babesarekin.
Langileek 1.575 orduko lanaldia eskatzen dute urtean; 2021ean 270€/hileko soldata-osagarria eta 405 €/ hilean 2022tik aurrerantzean; 2023an %2ko igoera gehi KPIa; medikuarengana joateko orduak norberarentzat eta lehen mailako familiarrak laguntzeko eta,azkenik, soldata mantenduko den ziurtasuna instalazioak itxiz gero.
Sopelako udal kirol zerbitzuak BE ONE enpresa kudeatzen ditu “enpresa pribatu honek onura ekonomikoak zerbitzu publikoaren kalitateari lehenesten dizkio eta lan baldintzen prekarizazio handia sortu du”. Langileek adibide bat ematen dute: BE ONE enpresak ez du ikastarorik edo antzeko jarduerarik burutu pandemia garaian errentagarriak ez direlako, beste udalerri batzuetan egin badira ere.
Kiroldegiaren kudeaketa
BE ONE kiroldegiaren kudeaketa 2020ko apirilean amaitu behar zen, baina Sopelako Udal Gobernu Taldeak, EAJk, legezko luzapenetan oinarritu da zerbitzua BE ONE eskuetan mantentzeko lizitazio berririk atera gabe alarma egoerak eragindako legearen arabera.