Sopela, Zipiriñe berriro mobilizatu da.

Sopelako Zipireñe eskola publikoaren hezkuntza-komunitatea mobilizatu zen atzo ostirala, maiatzaren 21ean, “Eskola berria orain, Un nuevo colegio ya” lelopean.

Zipiriñek urteak daramatza masifikazioak eragin duen leku falta salatzen. Masifikazio horren ondorioz gune pedagogiko komunak kendu behar izan dira eta gela “normal” bihurtu, barrakoiak jarri dira, jolas-orduetan talde kopurutsuegiak daude, jantokian denbora murriztu da etab.

Ostiral honetan, 16:30ean, eserialdia egin nahi zuten kalean eta guztiok elkarrekin askaria hartu, baina euriak planak aldatu ditu, eta eserialdia ordu erdiko kontzentrazio bihurtu da.

Pandemiaren aurretik mobilizazio ugari egin ziren, eta Zipiriñeko hezkuntza-komunitateak komenigarritzat jo du mobilizazioei orain berriro ekitea; izan ere, ekainaren 1ean bilera garrantzitsua dago Eusko Jaurlaritzarekin, eta honek, oraindik ere, ez du bete Zipiriñe Azpiegituren Planean sartzeko konpromisoa. (Bilera, hasiera batean, maiatzaren 26an zen egitekoa).

Galdera Eusko Legebiltzarrean

2019ko uztailean, Rebeka Ubera legebiltzarkideak (EHBildu) Sopelako ikastetxe publikoen (Zipiriñe eta Iberre) egoerari buruzko galdera batzuk egin zizkion Cristina Uriarte orduko Hezkuntza sailburuari. Hezkuntza Sailak Zipiriñeri buruz emandako erantzuna irailaren 16an iritsi zen, eta hauxe besterik ez zen izan: “Saila Sopelako bilakaera demografikoa aztertzen ari da”. Erantzun horrez gain, kontuan izan behar da Zipiriñe ez dela agertzen 2019-2023 aldirako Hezkuntza Inbertsioen Planean.

Helburua: zentro berria Loroñon.

Sopelako Udalak, EAJ, PSE eta EHBilduren aurrekontuen akordioaren ondoren, Zipiriñeko hezkuntza komunitatean parte-hartze prozesua burutu zuen urtarrilaren 18tik 22ra, Ibatuz enpresak koordinatuta. Hainbat eztabaidaren ondoren, aukera biren artean kokatu zen erabakia: EHBilduk egindakoa Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikin berria eraikitzeko Loroñoko disuasio-aparkalekuko lurretan egungo Zipiriñeren osagarri, eta EAJk egindakoa Zipiriñeko eraikina handitzeko eta Goiene kalean patio-eremua zabaltzeko.

Azken erabakian, hezkuntza-komunitateko 390 kidek hartu zuten parte, eta parte-hartzaileen % 78 Loroñoko eremuan eraikin berri bat eraikitzearen alde agertu zen. Eusko Jaurlaritzak ezin ditu eskuak garbitu eta ezin du parte-hartze prozesu honen emaitza gutxietsi. (W.)

447 Ikustaldiak
Partekatu: