Sopela: Urdulizko Ospitalerako sarbidea zabalik

Joan den asteko maiatzaren 20an zabaldu zen Sopelako Olabide kalea eta Urdulizko Ospitalea lotzen dituen Osteiko bidea. Errepide honen amaierak urtetako atzerapena izan du eta Olabide inguruko bizilagunek kritika handiak egin dizkiote.

Ospitalerako sarbidea eta auzokideon kezkak

“Oso urrats garrantzitsua da osasun zentroarekin lotura hobetzeko”, adierazi du Josu Landaluze Sopelako alkateak; eta hori da, hain zuzen ere, herritarren kezka, Olabide eta Larrabasterrako Gatzarriñe kaleetako trafikoa nabarmen handituko dela.

Bide polemikoa.

Urdulizek 2014an amaitu zuen bere bide-zatia, eta Sopelarekin egin beharreko loturak hautsak harrotu zituen; auzotarrek mobilizazioak, kontzentrazioak, karabana-autoa antolatu eta mozioak aurkeztu zituzten osoko bilkuran. Une hartan EHBilduren ardurapean zegoen Sopelako udalak, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen errepide horren jarraipena galarazteko udal-idazkaritzaren txosten batean oinarriturik (2014/11/13), zeinak, besteak beste, honako hau baieztatzen baitu: “Ezin da eztabaidatu Eskualdeko ospitale bat eta bertaratzeko beharrezkoak den errepide sarea ez dela toki erakundearen ardura”. Hitz soiletan esanda: “Ospitale batera heltzeko errepidea ez da udala baten ekinbidea”.

Eta hor dago koska, ez errepidea berez, baizik eta ospitaleak sortutako trafiko guztia udalerriko kaleetatik igarotzea, dela erdigunetik (Loroño), dela Olabidetik. Ez du inolako zentzurik ospitale bat eraikitzeak eta lotura zuzena ez aurreikustea saihesbiderik gabe.

Errepidearen onarpena “alkatearen kalitate” botoaren esker

2020ko martxoaren 26ko osoko bilkuran, 409.549,32 euroko aurrekontu-aldaketa onartu zen, errepide hau eraiki ahal izateko; eta onarpen hori aurrera atera zen osoko bilkura telematiko batean Covid-19ren osasun-krisia zela eta. Berdinketa eman zen bozketan: alde EAJ (7) eta PSE (1) eta aurka EHBildu (6) eta Elkarrekin-Podemos (2). Berdinketa gertatuz gero, alkatearen kalitatezko botoa erabakigarria izan zen. Bozketa horretan, DB-TUko ordezkariak ezin izan zuen botorik eman zinegotzi hori lursail baten jabea delako eremu horretan, eta “bateraezintasuna” ezarri zitzaion bozketan parte hartzeko. (W.)

484 Ikustaldiak
Partekatu: