Udalak terrazak murrizteko eskatu die ostalariei

Maiatzeko azken egunotan, Sopelako Udalak gutuna bidali die hainbat ostalariri, euren terrazak murrizteko eskatuz eta Covid19 baino lehenagoko egoerara egokitzeko, hau da, “lehengo normaltasunera” itzultzeko. Aitzitik, maiatzaren 28ko Gobernu Batzordean, EAJk eta PSEk Batzokiko terraza handitzeko baimena eman dute.

Terrazak murriztu

“Auzotarren arteko bizikidetzari, aisialdiari eta espazio publikoen erabilerari eusteko, Sopelako Udalak gogorarazi nahi dizu terrazak mahai eta aulki kopurura eta udal-lizentzian ezarritako kokapenera mugatu behar direla… beraz, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren kontura aldizkako ikuskapenak egingo ditugu, egoera hau egiaztatzeko”. Horrela dio, hitzez hitz, sopela.net-ek eskuratu ahal izan duen udalak bidalitako gutun batek.

Gutun hauek maiatzaren amaieran bidali dira: tabernen barnealdeko gehienezko edukiera % 50ekoa denean; ezin denean barran kontsumitu; mahai bakoitzeko lau pertsonako kopurua errespetatu behar denean eta lokalak 22: 00etan itxi behar direnean, alegia, “normaltasunatik” oso urruneko egoeran aurkitzen direnean ostalariak.

Batzokiko terraza handitzea

Maiatzaren amaieran bidalitako gutun hauen datak bat egiten du maiatzaren 28ko Gobernu Batzordearen erabakiarekin, zeinean EAJk eta PSEk Batzokiko terraza handitzeko baimena eman zuten.

Adostasunerako proposamena

Maiatzaren 27ko Osoko Bilkuran, EHBilduk Udal Gobernuak ezarritako neurriari alternatiba bat aurkeztu zion auzotarren eskubideen eta ostalaritzaren arteko oreka mantentzen saiatuz. EHBilduk kritikatu zuen ostalariak egoera prepandemikora eraman nahi direla, pandemiak berak sortu dituen osasun eta ekonomia arazoak kontuan hartu gabe taberna barruko edukiera erdira murriztu behar bada, barruan jarri ezin dituzten mahai kopuru hori kanpoan jarri ahal izatea dituzten kopuruari gehituz”  proposatu zuen Arantza Bilbao EHbilduko zinegotziak.

Sopelako alkateak, Josu Landaluzek, erantzun zion EHBilduri horrekin ados zegoela eta proposamen hori gauzatzeko egungo ordenantza aldatzen saiatuko direla. (albiste hau ixtean ostalaritzako ordutegia 24: 00etara luzatu da, baina horrek ez du ezertan aldatzen hemen egindako informazioa eta balorazioak) (W.)

432 Ikustaldiak
Partekatu: