Sopela: “kulebroia”ren atal berria zinegotziaren liberazioan

Patricia Alonso Elkarrekin-Podemoseko balizko zinegotziaren egoerak ezustekoak ematen jarraitzen du.

Atzoko (ekainak 30) Osoko Bilkuran aztertu behar zen haren liberazioa; izan ere, gai-zerrendaren barruan zegoen auzia, baina Osoko Bilkuran bertan Patriciak gaia gai-zerrendatik ateratzea eskatu zuen, “jaso dituen presio eta kritikengatik”, eta alderdi guztiek onartu zuten eskaera hau.

EAJ eta PSE balizko transfugaren liberazioaren alde agertu ziren Batzordean

Azken unean atal hau gai-zerrendatik kendu bada ere, ekainaren 23an egindako Osoko Bilkuraren aurreko Udal Administrazio Batzordean EAJ eta PSE alderdiek Patricia Alonsoren % 60ko liberazioa 28.000 euroko soldatarekin babestu eta BAI bozkatu zuten. Horregatik zihoan gaia Plenora.

Elkarrekin-Podemosen transfuga

Sopelan, Elkarrekin-Podemosek bi zinegotzi ditu, ala zituen? Patricia Alonso eta Eder Garcia. Ederrek argi eta garbi gaitzetsi zituen bere kidearen ekintzak, “justifikaezinak eta inolako oinarririk gabeak”. Elkarrekin-Podemosen ustez, Patriciarena “ordezkatzen duen koalizioari bizkarra emanda hartutako erabaki pertsonala da eta jarrera horren aurkako gaitzespen irmoa” adierazi zuen, eta Osoko Bilkuran liberazioa onartuz gero, “erabaki horren aurkako neurriak eskatuko zituela Transfugismoaren aurkako Itunean ezarritakoari jarraituz”.

Presio mediatikoa, gaia bertan behera uzteko

Udal oposizioaren talde nagusiak, EHBilduk, Patriciaren dimisioa eskatu du, eta uste du EAJk gai-zerrendatik kanpo utzi duela gaia aste hauetako presio mediatikoaren ondorioz, baina ezin duela inola ere ezkutatu gertatutakoari buruzko erantzunkidetasuna “zer interes ekonomiko eta alderdikoi daude honen guztiaren atzean, Sopelako Udalaren ordezkaritza demokratikoa aldatzeko” galdetu zuen Unai del Burgo EHbilduko zinegotziak Osoko Bilkuran.

Udal-egonkortasunean egon daitezkeen ondorioak

EHBilduk osoko bilkuran adierazi duenez, EAJrekin duen konfiantza guztiz kaltetuta dago praktika politiko ez-duin hauek erabiltzeagatik, eta zalantzan jartzen ditu 2020ko eta 2021eko aurrekontuen inguruko akordioak; izan ere, hemendik aurrera osoko bilkura ez dute osatzen Gobernu Taldeak (EAJ-PSE) eta oposizioa (EHBildu-Elkarrekin-Podemosek eta DB-TUk); orain alde batetik dago EAJ-PSE eta zinegotzi transfuga  eta bestetik oposizioa.

Kulebroiaren aurreko kapituluak 

Patricia Alonso zinegotziari % 60ko liberazio partziala eskaini zaio 28.000 euroko ordainsariarekin, gutxienez oso susmagarritzat jo daitezkeen zenbait gertakariren ondoren. Lehen kapitulua: Maiatzako plenoan Sopelako Gobernu Taldeak (EAJ eta PSE, 8 zinegotzi) kirol instalazioen 15 + 5 urterako lizitazioa aurkeztu zuen; baina proposamena ez zela onartua izango ematen zuen gainerako talde guztiak (EHBildu, Elkarrekin Podemos eta DB-TU, 9 zinegotzi) aurka baitzeuden. Bozketaren unean Patricia Alonso Elkarrekin-Podemoseko zinegotziak “arazo teknikoak izan zituen eta konexio telematikoa galdu zuen” eta Gobernu taldea egoera horretaz baliatu zen puntua aurrera ateratzeko alkatearen kalitatezko botoaren bidez. 2. kapitulua: Gertaera sinestezina bihurtu zen oposizioko talde guztiek osoko bilkura hori inpugnatzea erabaki zutenean “zinegotziek politikan parte hartzeko eta botoa askatasun osoz emateko duten eskubidea urratzeagatik” eta Patricia Alonsok, boto eskubidea galdu zuenak, uko egin zionean inpugnazio hori sinatzeari. 3. kapitulua: Transfugismo susmoak handitu ziren handik oso denbora gutxira Patriziak liberazio ordaindua mahairatzen duenean eta PNV eta PSE alderdiek BAI bozkatzen dute batzordean. 4. kapitulua: irakurri berri duzuen artikulua… jarraipenik izango du? Batek daki? (W.)

534 Ikustaldiak
Partekatu: