“Ibilian-ibilian etxerako bidean” Sopelatik hasita

SARE Herritarrak bizikleta itzulia antolatu du uztailaren 22, 23 eta 24an “Ibilian-ibilian etxerako bidean” udako kanpainaren barruan. Martxa honek ehunka pertsona bildu nahi ditu “presoak etxera” aldarrikapen komunaren alde pedalei eraginez Euskal Herriko hainbat txokotan barrena.

Sopelan hasiera

Bizkaiko etapa uztailaren 23an izango da, ostiralean, eta Sopelan du abiapuntua, 09: 00etan, 43 kilometro egin ondoren Mundakan bukatzeko. Sopelatik Urdulizera (09:15), Plentziara (09:30); Armintzara (10:00), Bakiora (11:30), Bermeora (12:45) eta Mundakaraino (13:00) helduko dira txirrindulariak.

Beste herrialdeak

Aurtengo bizikleta martxa uztailaren 22an, 23an eta 24an izango da eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko ditu, eta segurtasun eta osasun neurriak bermatzeko hiru etapa independente proposatu dira, goizetik eguerdira.

Uztailaren 22ko martxa Nafarroan hasiko da, Garesen, eta Oionen (Araba) amaituko da. 82 km. 23ko etapa Bizkaiko da eta uztailaren 24an Gipuzkoaren txanda izango da eta Zumaian hasiko da, Donostian bukatzeko hiri osoa zeharkatu ostean. Guztira 69 km.

Helburua

Bizikleta martxa “Ibilian-Ibilian Etxerako bidean” udako kanpainaren barruan txertatuta dago, eta presoen “etxeratzea” zehazteko estrategia finkatzen du, aurten eman diren aldaketa esanguratsuak abiapuntutzat hartuta. Aldaketa horiek positiboki baloratzen dira, baina oraindik ez dira nahikoak, urruntzearen amaiera errealiatea izango baita denak hemen egongo direnean.

491 Ikustaldiak
Partekatu: