Sopela: Elkarrekin-Podemosek kanporatu du Patricia Alfonso zinegotzia

Sopelako zinegotzia den Patricia de los Angeles Alfonso kanporatua izan da Elkarrekin-Podemosen Udal taldetik “koalizioaren bizkarrera eta bere interes pertsonalen alde jarduteagatik”. Zinegotziak uko egin dio akta entregatzeari eta, aurrerantzean, atxiki gabeko zinegotzi gisa jardungo du Sopelako udalean.

Sopelako Elkarrekin-Podemoseko kideek uste dute iruzur demokratikoa dela Patriciak zinegotzi izaten jarraitzea eta karguari eustea “Sopelako herritarrek aukeratu baitzuten errespetatu ez dituen ideia eta programa zehatz batzuk defendatzeko”. Elkarrekin-Podemosek jakinarazi duenez, hemendik aurrera Eder Garcia zinegotziak bakarrik osatuko du Udal Taldea.

Krisia maiatzetik dator: transfugismoa

Maiatzeko osoko bilkuran Sopelako kirol-instalazioen 15 + 5 urterako lizitazioa esleipena eztabaidatu zen. Bazirudien proposamena ez zela aurrera aterako, oposizio osoa (EHBildu, Elkarrekin-Podemos eta DB-TU) aurka bozkatzera zihoalako, baina, “kasualitatez”, bozketaren unean, Patricia Alfonsok “arazo teknikoak izan zituen eta konexio telematikoa galdu zuen”. Une hartan, abagunea aprobetxatuz, Gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurrera atera zuen esleipena alkatearen kalitatezko botoa baliatuz.

Aho batez, oposizioko talde guztiek inpugnatu zuten bozketa hori “parte-hartze politikorako eta botoa emateko eskubidea urratzeagatik”, baina Patriciak, jo puntuan zegoen zinegotziak, uko egin zion inpugnazioa sinatzeari, eta jarraian, % 60an partzialki liberatzeko eskatu zuen, 28.000 euroko ordainsariarekin. Une horretan, transfuguismo alarma guztiak piztu ziren.

EAJk eta PSEk BAI bozkatu zuten liberazio horren alde udal batzordean; nahiz eta osoko bilkuran, Patriciak, “gaizki-ulertuak” eta “presio mediatikoa” argudiatuz gai-zerrendako puntu hori kentzea eskatu zuen. Uztailean, Patriciak bat egin zuen PNV eta PSErekin eta aldeko botoa eman zion BPXport enpresak kirol-instalazioen kudeaketa bere gain hartzeari, 15 + 5 urterako lizitazioan.

Gertaera horiek aintzat hartuz, Elkarrekin-Podemosek barne prozesu bat ireki zuen, eta orain egin da publikoa ebazpena: Patriciaren kanporaketa.

(argazkian Elkarrekin-Podemosen aurkezpena Sopelan, Patricia txalotzen ari da hizlariaren ondoan)

789 Ikustaldiak
Partekatu: