“Bortizkeria matxistaren aurkako sopeloztarrak behar dira”. Hori da Sopelan abiatu berri den kanpainaren leloa, Sopelako Udalak, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Berdintasun Sailak, Medicusmundi Bizkaiak, Itzartu elkarteak eta Sopelako Asanblada Feministak bultzatuta.
Kanpaina honen helburua honako hau da: emakumeenganako biolentzia sinbolikoaren inguruko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa sustatzea. Horretarako, urriaren 4an, 18:00etan tailer oso berezia hasiko da Kurtzio Kultur Etxean, Mujeres Imperfectas taldeko May Serrano izango delarik dinamizatzailea, eta azaroaren 22an ospatuko den kale ekintza bat prestatuko dute (azaroaren 25aren testuinguruan).
Tailerrean kale-ekintza hori prestatuko dute, astean edo hamabost egunean behin Kurtzio Kultur Etxean elkartuz (aldizkakotasuna parte-hartzaileek erabakiko dute). Kale ekintza azaroaren 22an izango da, ostirala, ostirala delako, kalean jende gehiago dagoen eguna eta gainera azaroaren 25eko testuinguruarekin kokatzen delako. Kalean burutuko da antolakuntzak azpimarratzen duenez, “jendearen arreta piztu nahi dugulako”.
Ideia eragitea da: Zerikusirik ote dut nik egoera honekin? Zer egin dezaket egoera hau aldatzeko?”, eta gizonezkoak ere, noski, tailerrean parte-hartzera gonbidatuta egongo dira: “Bai, adin, genero eta ezaugarri ezberdinetako sopeloztarrak behar ditugu. Bakoitzak bere bizipen eta beharrizanak dituelako. Biolentzia sinbolikoaren inguruan errepikatzen diren prototipoak hemen, Sopelan, azalerazi nahi ditugu”.
Gainera, umorea ere ez da faltako: “Gaia oso serioa da baina iraultzen eta ondo pasatzen saiatuko gara. Erropa erosoa eramatea gomendatzen dugu, tailerra dinamikoa izango delako, adierazpena landuko da, sormena… ideiak barru-barrutik sortuko dira”.
Lehenengo hitzordua urriaren 4an, ostirala, 18:00etan Kurtzio Kultur Etxean izango da. Informazio gehiagorako: educa.bizkaia@medicusmundi.es
333 Ikustaldiak