ASKAPENAko auzipetuen aldeko bazkaria antolatu da Sopelan bihar, urtarrilak 23, 15:00etan. Hiztordua Ander deuna ikastolan da 15euroan.
Askapenaren epaiketa
Espainiako Auzitegi Nazionalak Askapena herri mugimendu internazionalista epaitu du “ETAko kanpo harremanetarako tresna izatea” akusazio pean. Askapenako bost kiderentzat seina urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak, eta honez gain Askapena, Bilboko Askapeña konpartsa, Elkartruke eta Herriak Aske elkarteak legez kanporatzea ere eskatu du.
Gabi Basañez “sopeloztarra”
Askapena-ko kideen artean Gabi Basañez dago, Sopelarekin harreman handia duena hainbat urtetan gure herrian bizi izan delako eta herriko kultur eta euskararen aldeko mugimenduetan gogor egin baitu lan. Gainera, sopela.net agerkari digital honetan ere noizbehinkako kolaborazioak egin ditu. (Askapenako beste kideak: Walter Wendelin, Unai Vazquez Puente, David Soto Aldaz eta Aritz Gamboa de Miguel dira)
Sopelatik oso aspaldiko elkartasuna
Bost lagun hauek 2010ean atxilotu zituzten lehen aldiz, eta jadanik une hartan, 2010eko azaroko plenoan hain zuzen, Sopelako Udal Osoko Bilkurak Gabi eta Askapenako beste kideen askatasuna aldarrikatu zuen sumario horren zentzugabekeria salatuz.
Orain dela 5 urteko proposizio horrek garai hartako udalean ordezkaritza zuten ANV, EA, Ezker Batua eta Sopela Los Verdes babesarekin egin zuen aurrera (PNV abstenitu zen, eta PSE eta PP kontra bozkatu zuten). gaur egun oraindik ere, proposizioak gaurkotasun osoa du, horregatik merezi du gogoraraztea testu hartan esandako zenbait baieztapen: “Gabi Basañezen eta bere kideen lan publikoa, zilegia eta demokratikoa ez daiteke delitutzat har, beraz hauen askatasuna eskatzen dugu… …Udal Bilkura honek, Gabiren askatusuna eskatzeko eta errepresioa etetearen beharra eskatzeko azaroaren 28an burutuko den manifestazioarekin bat egiten du eta Sopelako herritarrei parte hartzeko gonbidapena luzatzen die… …Erabaki hauek Gabiren familiari helarazteaz gain, Espainiako eta Frantziako barne Ministerioari eta Gobernu Lehendakaritzei helaraziko zaizkie…