Ukberri agerkari digitalak gaur arratsaldean zabaldu duenez, Jorge Calcedo Sedano 20 urteko txirrindulari sopeloztarra pasa den asteartean harrapatu zuen auto batek Gasteizen, ikasten duen hirian.
Cafes Baque taldearen arabera, bere txirrindulariak buruan traumatismo gogorra jaso zuen. Era berean, Calcedok masailalbo-hezurra apurtuta eta larritasun ezberdinetako hainbat kontusio dauzka. Orotara, pronostiko larria eman zioten Gasteizko Santiago ospitaleko medikuek baina, zorionez, onera egin du egun hauetan. Calcedok Gasteizko erietxean jarraitzen du eta denbora luzez ezin izango da Cafes Baquen aritu.
Ruben Gorospe kirol zuzendariak adierazi duenez, “taldetik besarkada handi bat eta munduko kemen guztia helarazi nahi diogu Jorgeri, ahalik eta lasterren osa dadin. Aste buru honetan bertan urteko lehenengo garaipena opa ahal diogun! Baina, momentuz, garrantzitsuena bera osatzen jarraitzea da, laster berriro garaipena hori gurekin borrokatzen hura bera egon dadin”.